Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak (itzulikoa)

Bayernek PSG kanporatu du Txapeldunen Ligatik eta Milanek Tottenham utzi du txapelketatik at

EITB Media

Bayern Munichek 2-0eko emaitzarekin irabazi dio PSGri final-zortzirenetako itzuliko neurketa. Joanekoan ere talde alemaniarra izan zen nagusi (0-1). Bestalde, aurrera egin du Milanek itzulikoan Tottenhamekin berdinduta (0-0) eta joaneko gol bateko errenta baliatuta.

  • Bayern Munich - PSG

    Bayern Municheko jokalariak Choupo-Motinegek PSG sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Bayern Munichek eta Milanek Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako txartelak lortu dituzte asteazken honetan, martxoaren 8an, PSG eta Tottenham kanporatuta hurrenez hurren.

Final-zortzirenetako itzuliko neurketa handian Munichen jokatu dute Bayernek eta PSGk. Joanekoan talde alemaniarra nagusitu zen 0-1eko emaitzarekin, eta itzulikoan ere Bayern izan da nagusi, baina 2-0ekoarekin.

Municheko eta Pariseko taldeen arteko itzuliko lehiako lehen zatia parekatua izan da. Bi taldeek izan dituzte golak sartzeko aukerak, nahiz eta ez diren gai izan aurkariaren atea zulatzeko. Argiena PSGk izan du atsedenaldira iritsi aurretik Sommer atezainak egindako hutsaren ostean, baina De Ligtek atepetik atera du balioa Vitinharen jaurtiketa eta gero.

Bigarren zatian, ordea, Bayern izan da nagusi. Etxeko taldeak abisua eman du Choupo-Motingen bidez; Hamburgoko aurrelariak gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du jokoz kanpo egon delako errematea egin duen momentuan. Norgehiagokako 62. minutuan, aldiz, Choupo-Motingek gola sartu du (1-0), eta, honako hau balekoa izan da.

Gola jaso ostean etorri da PSGren erantzuna. Frantziako taldeak berdintzeko aukera izan du; hala ere, Sommerrek erantzun bikaina eman dio Sergio Ramosen erremateari, gola saihestuta. Aurkariak abagune argia izan arren, ez da urduri jarri Alemaniako taldea, eta neurketa kontrolpean izan du. Gainera, 89. minutuan, lehia guztiz erabakita utzi du Bayernek Gnabryren golari esker (2-0).

Municheko taldearen bigarren gola erabakigarria izan da, eta 2-0eko emaitzarekin amaitu da partida. Beraz, azkenean, Bayern final-laurdenetarako sailkatu da eta PSGk agur esan dio Txapeldunen Ligari.

Milan, berriro onenen artean

Londresen final-zortzirenetako beste norgehiagoka bat jokatu da. Han ibili dira nor baino nor gehiago Tottenham eta Milan. Italiako taldeak gol bateko errenta eskuratu zuen joaneko partidan, eta aurrera egin du itzulikoa golik gabe berdindu ostean (0-0).

Lehen zatian bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik eduki. Milanek eroso jokatu du, eta ez dio aukerarik eman joaneko neurketako emaitza irauli beharra zeukan Tottenhami.

Bigarren zatiaren hasieran Olivier Giroudek izan du gola sartzeko aukera Milanentzat, baina Forster atezainak eragotzi du baloia ate barruan sartzea. Geroago, 64. minutuan, Maignan Milaneko atezainak erantzun bikaina eman dio Hojbjergi. Hamahiru minutu beranduago kanporaketa oso maldan gora jarri zaio Tottenhami, 77. minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu baita Romerok bigarren txartel horia ikusita.

Luzapenean abagune argi bana izan du talde bakoitzak. Tottenham gola sartzetik gertu egon da 93.minutuan; Maignanek, ordea, desbideratu egin du Kaneren erremate ona. Jarraian, Milanek kontraerasora jo du, eta Origiren jaurtiketa ez da ate barruan sartu, zutoina jo ostean baloia Forsterrek harrapatu baitu.

Amaieran, golik gabeko berdinketarekin Milan final-laurdenetarako sailkatu da, eta Tottenhamek agur esan dio txapelketari.