Txapeldunen Liga
FINAL-ZORTZIRENAK
Real Madrilek eta Napolik Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako bidea ireki dute
EITB MEDIA
Real Madrilek bost gol sartu dizkio Liverpooli Anfielden kanporaketa bideratzeko (2-5). Napolik, bestalde, ez du horren alde handia lortu, baina 0-2 irabazi dio Eintracht Frankfurteko taldeari.
-
Viniciusen bi golek berpiztu dute Real Madril. Argazkia: EFE
Real Madrilek eta Napolik Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidak irabazi dituzte Liverpoolen eta Eintrachten aurka, hurrenez hurren. 14. minuturako 2-0 atzetik jarri ondoren, Real Madrilek markagailua iraultzea eta kanporaketa ia erabakita uztea lortu du. Napolik 0-2 irabazi dio Eintrachti etxetik kanpo, penalti bat huts eginda, baina bat gehiagorekin jokatuta.
Ezin okerrago hasi zen Anfieldeko partida Real Madrilentzat. Darwin Nuñezek orpoz sartutako gol batek eta Salah-ren beste batek, Thibaut Courtoisen opari baten ondoren, 2-0 atzetik jarri zuten Ancelottiren taldea 14. minuturako. Zuriek, amore eman beharrean, Viniciusen bi goli esker berpiztea lortu zuten atsedenaldia baino lehen. Madrilgo taldearen bigarrena ere Alissonen akats baten ondorioz iritsi zen.
Aldageletatik bueltan, Madril, Luka Modric orkestra zuzendari zela, Liverpoolen gainetik pasatu zen. Madrildarrek buelta eman zioten emaitzari bigarren zatiko 2. minutuan. Militaok errematatutako geldikako jokaldi batek gola eman zion Madrili, eta lehen aldiz aurreratu zen markagailuan. Karim Benzemak, bi gol sartuta, 2 eta 5ekoa jarri zuen markagailuan, eta ia final-laurdenetan utzi zuen Real Madril.
Napolik ere etxeko lanak egin zituen Europako hitzorduan. Gaur egun A Seriean nagusi den talde italiarrak maila bikainean dagoela erakutsi zuen. Eintracht Frankfurti irabazi zion, Europa Leagueko egungo txapeldunari, haren etxean. Horrenbestez, Luciano Spallettiren mutilek kanporaketa bideratuta utzi zuten Diego Armando Maradona zelaian jokatuko duten itzulerako partidarako.
Osimehnen lehen golak eta Di Lorenzoren bigarrenak 2 goleko abantaila eman zioten Italiako taldeari, eta, penalti bat huts egin arren, garaipen erosoa erdietsi zuen. Kolo Muaniri txartel gorria atera ondoren, ordu erdiz jokalari bat gehiagorekin jokatu zuen Napoliko taldeak.