Txapeldunen Liga
Multzoen fasea
Real Madrilek eta Benficak multzoko lehen postuak bermatu dituzte
EITB Media
Espainiako taldeak irabazi egin dio Celtici (5-1) eta multzoko lehen postua ziurtatu du. Portugaleko taldeak ezustekoa eman du Maccabi jipoituta (1-6) eta PSGren aurretik geldituta. Milanek final-zortzirenetarako txartela lortu du.
-
Benficako jokalariak multzoko lidertza lortu dutela ospatzen. Argazkia: EFE
Amaitu da Txapeldunen Ligako multzoen fasea asteazken honetan (azaroak 5) jokatu diren E, F, G eta H multzoetako taldeen partidekin. Final-zortzirenak jokatuko dituzte Real Madril, Leipzig, Benfica, PSG, Chelsea, Milan, Manchester City eta Borussia Dortmund taldeek, baita asteartean jokatu zuten Napoli, Liverpool, Porto, Brujas, Bayern Munich, Inter Milan, Tottenham eta Eintracht Frankfurt taldeek ere.
Ezustekoa Benficak eman du Maccabi Haifari 1 eta 6 irabazi ostean H multzoa lehen postuan amaituta, PSGren aurretik. Paris Saint-Germainek garaipena lortu du Juventusen aurka (1-2) eta Benficarekin berdinduta egon arren, bigarren amaitu du; beraz, frantziarrak ez dira taldeburuak izango final-zortzirenetako zozketan. Juventus izan da hirugarren eta Europa Liga jokatuko du.
F multzoan, Real Madrilek lidertza bermatu du Celtici irabazita (5-1). Leipzigentzat izan da bigarren postua Shakhtar Donetsk mendean hartu ostean (0-4). Ukrainako taldea Europa Ligan lehiatuko da.
Milanek final-zortzirenetarako txartela eskuratu du Salzburgoren aurka hiru puntuak bereganatuta (4-0). Italiarrak izan dira bigarren E multzoan. Lehen postua ziurtatuta zuen Chelseak irabazi egin dio Dinamo Zagrebi (2-1). Salzburgo izan da hirugarren multzo honetan, eta horrek Europa Liga jokatzeko eskubidea ematen dio.
G multzoan gauzak zeuden moduan geratu dira: Manchester City, lehen postuan; Borussia Dortmund, bigarrenean; Sevilla, hirugarrenean eta Kobenhavn, laugarrenean. Cityk Sevilla mendean hartu du (3-1), eta Kobenhavnek eta Borussia Dortmundek berdindu egin dute (1-1).