Itxi

Txapeldunen Liga

Multzoen fasea

Bartzelona eta Atletico Madril Txapeldunen Ligatik at geratu dira

EITB Media

Inter Milanek Viktoria Plzenen aurka lortutako garaipenak txapelketan aurrera egiteko aukera gabe utzi du Kataluniako taldea; hala ere, Barçak galdu egin du Bayern Munichen aurka (0-2) eta Europa Liga jokatuko du. Atleticok berdindu egin du Bayer Leverkusenen kontra (2.2).

  • Bartzelona

    Bartzelonako jokalariak Bayern Munichen aurka porrota jaso ostean. Argazkia: EFE

Bartzelonak agur esan dio Txapeldunen Ligari. Asteazken honetan (urriak 26) Inter Milanek Viktoria Plzenen aurka lortu duen garaipenak (4-0) aurrera egiteko aukera gabe uzi du Kataluniako taldea; gainera, Barçak galdu egin du Bayern Munichen kontra (0-2).

Inter aise nagusitu da Plzenen aurka, 4-0eko emaitzarekin, etxean jokatu duen multzoen faseko 5. jardunaldiko neurketan. Mkhitaryan, Dzeko (x2) eta Lukaku izan dira golegileak. Horrenbestez, Interrek final-zortzirenetarako txartela bereganatu du, eta Bartzelona Europa Ligan lehiatuko da.

Atletico Madril ere kanporatuta geratu da Xabi Alonsok zuzentzen duen Bayer Leverkusenekin berdindu ostean (2-2) Metropolitano estadioan. Portok irabazi egin dio final-zortzirenetarako sailkatuta dagoen Brujasi (0-4); ondorioz, Portok hurrengo faserako txartela eskuratu du.

A multzoan Liverpoolek bermatu egin du final-zortzirenetarako sailkapena Ajaxi 0 eta 3 irabazita. Bestalde, jada final-zortzirenetarako txartela ziurtatuta zuen Napolik mendean hartu du Rangers (3-0) eta bostetik bost partida irabazi ditu.

Azken jardunaldia erabakigarria izango da D multzoan. Tottenhamek eta Sporting Lisboak berdindu egin dute (1-1), eta Eintracht Frankfurtek irabazi egin dio Olympique Marsellari (2-1). Lau taldeek dute aukera final-zortzirenetara sailkatzeko. Tottenham da liderra 8 punturekin, Sportingek eta Eintracht Frankfurtek 7na puntu dituzte, eta 6 puntu ditu Olympique Marsellak.