Itxi

Txapeldunen Liga

Ofiziala

Sevillak Julen Lopetegui kargugabetu du

EITB Media

Asteasuko entrenatzaileak ez du Andaluziako taldea zuzentzen jarraituko. Klubak Lopetegui kargutik kentzea erabaki du Borussia Dortmunden aurka Txapeldunen Ligan porrota jaso ostean.

  • Julen Lopetegui

    Julen Lopetegui Sanchez Pizjuaneko zaleak txalotzen. Argazkia: EFE

Julen Lopeteguik ez du Sevillako entrenatzaile izaten jarraituko. Klubak kargutik kendu du Asteasuko (Gipuzkoa) entrenatzailea asteazken honetan (urriak 5) Borussia Dortmunden aurka 1 eta 4 galdu ostean Txapeldunen Ligan.

Sevillak 2019ko ekainean fitxatu zuen entrenatzaile gipuzkoarra. Taldea zuzendu zuen lehen denboraldian (2019-2020) Sevilla hirugarren izan zen Santander Ligan eta Txapeldunen Ligarako txartela lortu zuen; gainera, 2020ko abuztuan, Europa Liga irabazi zuen. 2020-2021 denboraldian, Sevillaren historiako marka onena erdietsi zuen 77 puntu bereganatuta, eta taldea beste behin Txapeldunen Ligara sailkatuta. 2021eko urtarrilean, kontratua berritu zuen 2024ra arte. Iragan sasoian Sevilla laugarren izan zen Santander Ligan, eta hirugarrenez jarraian, Championserako txartela eskuratu zuen. Aurten (2022-2023), ordea, denboraldi hasiera kaskarrak Lopetegui kargutik kentzea ekarri du. Sevillak partida bakarra irabazi du Santander Ligako lehen zazpi jardunaldietan, eta bost puntu ditu. Bestalde, Txapeldunen Ligan ez du garaipenik eskuratu hiru jardunalditan.

Gauzak horrela, Julen Lopeteguik ez du taldea zuzenduko Athleticen aurka larunbateko Santander Ligako 8. jardunaldiko partidan. Klubak ofizial egin ez duenez, Jorge Sampaoli izango da Sevillaren entrenatzaile berria.