Txapeldunen Liga
Final-laurdenak
Atletico Madril eta Benfica finalerdietatik kanpo utzi dituzte Liverpoolek eta Cityk
Agentziak | EITB MEDIA
Madrildarrek hutsean amaitu zuten Guardiolaren taldearen aurka jokatutako final-laurdenetako partida. Liverpoolek, berriz, hiruna egin zuen Benficarekin, joanekoan 1-3 irabazi ostean.
-
Atletico Madril taldeko jokalariak, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu ostean. Argazkia: Efe.
Atletico Madrilek agur esan dio Txapeldunen Ligari Manchester Cityrekin final-laurdenetan galduta. Itzuliko partida hutsean amaitu da, eta joanekoan madrildarrek 1 eta 0 galdu zuten. Simeoneren taldeak Guardiolarenak baino partida hobea egin du, baina ez dira golik sartzeko gai izan.
Atletico ondo aritu da atzean eta erasoan joaneko partidan baino gehiago egin du. Hala ere, ez dute golik egin hirugarren partidaz jarraian. Bigarren zatian aurkaria baino askoz hobeto aritu dira, erasokorrago, eta Manchester City, aldiz, zalantza askorekin, baina golik jaso gabe.
Lehen zatiak ez du ez bata ez bestea as utzi, baina 0-0ekoa ingelesen aldekoa zen. City baloiari eustearekin konformatu da, presarik gabe, beharra zuri-gorriena baitzen.
Aukera izan duenean, Atleticok aurrera egin du, baina argitasunik gabe. Correak penalti bat erreklamatu du, aukerak izan ditu eta 'Cholo'k Luis Suarez eta Cunha atera ditu. Uruguaiarrari abiadura falta izan zio, eta brasildarra gola sartzear izan da, Savic bezala. Baina ez dute asmatu, Metropolitanoko zaleen etsipenerako.
Horrela, Cityk aurrera egin du eta Real Madril izango du aurkari finalerdietan.
Fitxa teknikoa:
0-. ATLETICO MADRIL: Oblak; Savic, Felipe, Reinildo; Carrasco, Llorente, Kondogbia, Koke (De Paul, 70. min), Lemar (Luis Suárez, 82. min), Lodi (Correa, 70. min); Griezmann (Carrasco, 69. min) eta Joao Félix (Cunha, 82. min).
0-. MANCHESTER CITY: Ederson; Walker (Nathan Ake, 74. min), Stones, Laporte, Cancelo; De Bruyne (Sterling, 65. min), Rodri, Bernardo Silva (Fernandinho, 79. min); Mahrez, Gundogan; eta Foden.
Liverpoolek Benfica kanporatu du (3-3)
Liverpoolek Txapeldunen Ligako finalerdietarako txartela lortu du asteazken honetan, final-laurdenetako itzuliko partidan Benficarekin 3-3 egin ostean. Ingelesek Unai Emeryren Vila-real izango dute aurkari finalerdietan.
Duela hiru urteko Txapeldunen Ligako irabazleak lasai ekin dio partidari, joanekoan 1 eta 3 gailendu ostean. Gainera, gauzak alde jarri zaizkie 20. Minutuan Konaték egindako golarekin.
10 minutu geroago, Gonzalo Ramosek banakoa egin du portugaldarrentzat, baina Firminhoren bi golek 3 eta 1ekoa jarri dute markagailuan 65. minuturako. Yaremchuk eta Darwin Nuñezek neurketa berdindu dute, baina Benficak gehiago behar zuen aurrera egiteko.
Finalerdietan, Liverpoolek Vila-real hartuko du apirilaren 27an, Anfield estadioan.
Fitxa teknikoa
3-. LIVERPOOL: Alisson; Joe Gomez, Konaté, Matip, Tsimikas; Henderson (Fabinho, 58. min), Milner (Thiago Alcántara, 58. min), Keita; Firmino (Origi, 90. min), Jota (Salah, 57. min) eta Luis Díaz (Mané, 66. min).
3-. BENFICA: Vlachodimos; Gilberto (Dias, 90. min), Otamendi, Vertonghen, Grimaldo; Weigl, Taarabt (Joao Mario, 66. min); Diogo Gonçalves (Yaremchuk, 46. min), Gonçalo Ramos (Paulo Bernando, 78. min), Everton (Almeida, 90. min); eta Darwin Núñez.
GOLAK: 1-0, 21. min, Konaté; 1-1, 32. min, Gonçalo Ramos; 2-1, 55. min, Firmino; 3-1, 65. min, Firmino; 3-2, 73. min, Yaremchuk; 3-3, 82. min, Darwin Núñez.