Txapeldunen Liga
Final-laurdenak (joanekoak)
Real Madril, garaile Chelsearen aurka Benzemaren hiru golekin; Vila-realek mendean hartu du Bayern
EITB Media
Madrilgo taldeak 1-3ko emaitzarekin irabazi du Londresen jokatu duen Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joaneko partida. Castelloko taldeak ezustekoa eman du Bayern Munichi irabazita (1-0).
-
Karim Benzema, Real Madrileko joklaria, baloiarekin Chelseari 3 gol sartu ostean. Argazkia: EFE
Real Madrilek eta Vila-realek abantaila hartu dute Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joaneko partidetan, Chelsea eta Bayern Munich taldeak mendean hartuta, hurrenez hurren.
Londresko Stamford Bridge estadioan, Real Madrilek 1-3 irabazi dio Chelseari. Neurketa parekatua izan da. Bi taldeek erasokor jokatu dute, eta abagune ugari izan dituzte. Benzemak sartu du neurketako lehen gola (0-1) 21. minutuan, eta Real Madrileko aurrelari frantziarrak 0-2koa jarri du markagailuan hiru minutu geroago. Atsedenaldira iritsi aurretik, 40. minutuan, Chelseak aldea murriztu du Havertzen golari esker. Bigarren zatiko lehen minutuan, Mendy Chelseako atezainak pase txarra eman dio Rudiger taldekideari, erdiko defentsa alemana ez da baloia hartzeko gai izan, Benzemak aurrea hartu dio eta baloia ate barruan sartu du (1-3). Real Madrilen hiru golak Benzemak sartu ditu, eta horrek eman dio garaipena bere taldeari, hat-tricka lortuta.
Eguneko beste norgehiagokan, Ceramica estadioan, Vila-realek garaipena lortu du Bayern Munichen aurka (1-0). Partida ona jokatu dute bi taldeek. Batak zein besteak golak sartzeko aukerak izan dituzte, baina Vila-realek bakarrik asmatu du aurkariaren ate aurrean. Danjumak sartu du neurketako gol bakarra, 8. minutuan. Bigarren zatian, erasora jo du Bayernek lehia berdintzeko helburuarekin, baina Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak ondo eutsi dio, eta garaile atera da.