Txapeldunen Liga
Chelsea-Bartzelona (1-0)
Barçak barkatu eta Drogbak Chelsea aurretik jarri du
Erredakzioa
Bartzelonak ondo jokatu du eta abagune ugari sortu ditu gola sartzeko, baina batzutan zutoinek eta beste batzutan Cechek ezer ezean utzi dituzte aukerak.
-
Argazkia: EFE
Chelsea: Cech; Ivanovic, Terry, Cahill, Cole; Mikel, Meireles; Mata (Kalou, 74. minutua), Lampard, Ramires (Bosingwa, 88. minutua); Drogba.
Barcelona: Valdes; Alves, Puyol, Mascherano, Adriano; Busquets, Xavi (Cuenca, 87. minutua), Iniesta, Cesc (Thiago, 78. minutua); Alexis (Pedro, 66. minutua), Messi.
Gola: 1-0, 45+2. minutua: Drogba.
Chelseak Stamford Bridgen altxatutako defentsa harresia ezin izan du Bartzelonak gainditu eta 1-0 galdu du Txapeldunen Ligako finalerdietan. Didier Drogba Boli Kostako aurrelariak norgehiagokako gol bakarra sartu du lehen zatiko luzapenean.
Blaugranek Londresen izandako abagune guztiak alferrik galdu dituzte, nahiz eta jokoa Guardiolaren mutilek jarri. 'Blue' taldeak atzean sartuta itxaron dio Barçari. Horrela, Boli Kostako aurrelariaren gol bat baino ez dute behar izan Camp Noura abantaila txiki batekin joateko.
Roberto Di Matteo italiarrak argi zuen eta hasierako hamaikakoan Drogba atera du Barçaren atzelariak zailtasunetan jartzeko. Horrela, Fernando Torresek neurketa aulkian ikusi du.
Bestalde, Leo Messi aurrealdean laguntzeko Alexis Sanchez aukeratu du Pep Guardiolak. Bien bitartean, Gerard Pique aulkian utzi du entrenatzaileak eta kataluniarren defentsa Alvesek, Puyolek, Mascheranok eta Adrianok osatu dute.
Neurketa hasieratik aurrikusitako gidoia bete da, izan ere, Chelseak eta Bartzelonak elkar ongi ezagutzen dute. Xavik zelai erdian agintzen zuen eta Barçak baloia mugitzen zuen. Bien bitartean, ingelesak baloia presa askorik gabe berreskuratzen saiatzen ziren.
Drogbaren aurreneko abisuaren ostean, zortzi minutu geroago erantzun dute blaugranek. Alexisek Petr Cech buruz gain gainditu du, baina baloia langan jo du.
Lehen zatiko luzapenean, Londresen euria hasi eta Messik zelai erdian baloi bat galdu du. Matak oparia aprobetxatu eta Valdesen sareetan amaitu den jokaldiari hasiera eman dio.
Valentziako jokalari ohiak Ramiresi pasea eman eta brasildarra ezker hegaletik areara sartu da. Ramiresek Drogbari pase zuzena eman eta Boli Kostako aurrelariak jaurtiketa zehatza egin du bigarren zutoinean. Drogbak partidako gol bakarra sartu du.