Txapeldunen Liga
Finalerdietako joanekoa
Bayernek abantaila txikia lortu du neurketa zoragarri batean
Erredakzioa
Bavariako taldeak Real Madril 2-1 mendean hartu du Allianz Arenan- Zuriek Riberyren gola orekatu dute, baina Mario Gomezek bigarrena sartu du azken minutuetan.
-
Argazkia: EFE
Bayer Munich: Neuer; Lahm, Boateng, Badstuber, Alaba; Schweinsteiger (Muller, 61. minutua), Gustavo; Robben, Kroos, Ribery eta Mario Gomez.
Real Madril: Casillas, Arbeloa, Pepe, Sergio Ramos, Coentrao; Khedira, Xabi Alonso, Di Maria (Granero, 79. minutua), Ozil (Marcelo, 69. minutua), Cristiano Ronaldo eta Benzema (Higuain, 84. minutua).
Golak: 1-0, 17. minutua, Ribery. 1-1, 53. minutua, Ozil. 2-1, 90. minutua, Mario Gomez.
Real Madrilek galdu egin du Bayern Munichen aurka (2-1) Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko neurketan. Neurketak Jose Mourinhoren mutilen joko eskasa eta konformismoa zigortu ditu. Hamar urte geroago Europako Kopako final batera bueltatzeko taldeak Santiago Bernabeuren bultzada beharko du zazpi egun barru.
Talde zuriaren termometro paregabea izan da Bayern. Riberyk eta Robbenek joko bertikala jarri dute eta Mourinhoren taldeak gehiegi sufritu du. Portugalgo entrenatzaileak defendatzeko formula magikoa bilatu eta iniziatiba arerioaren esku laga du. Arbeloa eta Coentrao alemaniarren tranpan erori dira, izan ere, hegaleko zuriek erreferentziak galtzea bilatu du etengabe Bavariako taldeak.
Geldikako jokaldiek Real Madrilen egonkortasuna astindu dute. Ribery ikaragarri bati erraztasun gehiegi eman diote atzelari zuriek eta frantziarrak ez du denbora asko behar izan Madrilen txepeltasuna aprobetxatzeko. Ezker hegaletik ateratako korner bat frantziarraren oinetan geratu da eta Riberyk Casillas gainditu du (1-0, 17. minutua). Une horretan 80ko hamarkadako mamuak agertu dira.
Atsedenaldia heldu da eta minutu gutxi geroago Ozilen gola, nahiz eta zurien jokoa eskasa izan. Mourinhoren gizonek baloi luzeak bilatu dituzte Neueren atera heltzeko bitarteko gisa. Xabi Alonsok ia ez du ekarpenik izan erasoko jokoan eta Marcelo aulkian izateak sakontasuna kendu dio zurien jokoari.
Baina berdin dio. Real Madrilek dohain berezi bat du, merezi ez dituen golak lortzeko, alegia. Cristianok bukatu behar izan duen jokaldi batean, baloiak Benzemaren oinetan amaitu du. Aurrelari frantziarrak erdiraketa egin du eta Ronaldok atzera Ozili pasea eman dio. Alemaniarrak erraz baloia sareetara bidali du (1-1, 52. minutua). Berdinketa eta lo egitera. Mourinho pozik zegoen dagoeneko.
Baina denbora ia agortuta zegoenean, Lahmek zauri larriagoa egin die zuriei. Hegaleko alemaniarraren erdiraketa Mario Gomezen oinetara heldu da eta goleatzaileak 2-1koa sartu du. Horrela, Real Madrilek Bernabeun irabazi egin beharko du Munichera itzultzeko.