Txapeldunen Liga
6. jardunaldia
Bartzelona Txapeldunen Ligatik at geratu da Bayernen aurka galduta eta Europa Liga jokatuko du
A. B. E. | EITB Media
Barçak porrota jaso du Bayern Munichen aurka (3-0), eta Benficak Dinamo Kiev mendean hartu duenez (2-0), Portugalgo taldeak egin du aurrera. Sevilla ere geratu da txapelketatik at, Salzburgoren aurka galduta (1-0). Ondorioz, Europa Ligan arituko dira biak.
-
Müller (Bayern Munich), Bartzelonari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Asteazken honetan jokatu dira Txapeldunen Ligako E, F, G eta H multzoetako seigarren jardunaldiko partidak. Hala ere, multzoen fasea ez da oraindik amaitu, Bergamon (Italia) Atalantak eta Vila-realek jokatu beharreko norgehiagoka ostegunera (16:30) atzeratu baita, elurragatik.
Bartzelonak galdu egin du Bayern Munichen aurka (3-0), eta Benficak Dinamo Kiev mendean hartu duenez (2-0), Portugalgo taldeak eskuratu du final-zortzirenetarako txartela E multzoan. Bayernek lider amaitu du multzoen fasea, 18 punturekin, partida guztiak irabazita; Benfica izan da bigarren, 8 punturekin; Barçak hirugarren postuan bukatu du, 7 punturekin; eta Dinamo Kiev geratu da laugarren, puntu bakarrarekin. Ondorioz, Bartzelona Txapeldunen Ligatik at geratu da, eta Europa Liga jokatuko du.
Sevilla ere txapelketatik kanpo geratu da Salzburgoren aurka galdu ondoren (1-0). Julen Lopeteguik zuzentzen duen taldea hirugarren geratu da G multzoan, 6 puntu lortuta, eta Europa Ligan arituko da. Lillek amaitu du lehen postuan, 11 punturekin, Wolfsburgori garaituta (1-3), eta Salzburgo geratu da bigarren, 10 punturekin. Wolfsburgo geratu da laugarren, 5 punturekin.
H multzoan, Juventusek eskuratu du lidergoa, 15 punturekin, Malmö menderatu (1-0) eta Chelseak berdindu egin baitu Zenitekin (3-3). Hori dela eta, Chelseak bigarren amaitu du, 13 punturekin; Zenit geratu da hirugarren, 5 punturekin (Europa Liga jokatuko du); eta Malmök bukatu du azken postuan, puntu bakarrarekin.
Manchester Unitedek eta Young Boysek 1-1 berdindu dute F multzoko partidan. Unitedek (11 puntu) lehen postua ziurtatuta zuen neurketa jokatu aurretik; Young Boys (5 puntu), Europa Liga jokatzeko aukera gabe geratu da. Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara sailkatzeko geratzen den txartel bakarra Atalantak (hirugarren, 6 puntu) eta Vila-realek (bigarren, 7 puntu) izango dute jokoan ostegunean.