Txapeldunen Liga
3. jardunaldia
Atletico Madril - Liverpool, astearteko partida handia
A. B. E. | EITB Media
Txapeldunen Ligako multzoen faseko hirugarren jardunaldiko neurketak jokatuko dira urriaren 19an. Wanda Metropolitanoan jokatuko denaz gain, Ajax - Borussia Dortmund eta Porto - Milan norgehiagokak dira azpimarragarrienak.
-
Atletico Madrilen entrenamenduko irudia, Liverpoolen aurka jokatu bezperan. Argazkia: EFE
Txapeldunen Liga bueltan da. Astearte honetan, urriaren 19an, multzoen faseko hirugarren jardunaldiko norgehiagokak jokatuko dira. Besiktas - Sporting Portugal eta Brujas - Manchester City partidak 18:45ean hasiko dira; beste neurketa guztiak, 21:00etan.
Atletico Madrilek eta Liverpoolek Wanda Metropolitano estadioan jokatuko duten norgehiagoka izango da eguneko lehia handia. Ingalaterrako taldea da B multzoko liderra 6 punturekin eta Espainiako taldea bigarren da, 4 punturekin. Multzo honetako beste partidan, Portok (puntu 1) Milanen (0 puntu) kontra jokatuko du O Dragaon.
Jardunaldiko partida aipagarrienetakoen artean dago Ajaxek eta Borussia Dortmundek Amsterdameko Johan Cruyff Arenan jokatuko dutena. Herbehereetako eta Alemaniako taldeak seina punturekin berdinduta daude C multzoaren gorenean. Bestalde, Turkian, Besiktasek eta Sporting Portugalek euren lehen puntuak eskuratu nahi dituzte.
D multzoan, Sheriff (6 puntu) liderrak Inter Milanen (puntu 1) bisita jasoko du. Bigarren den Real Madrilek (3 puntu) Shakhtar Donetsk (puntu 1) izango du aurkari Ukrainan.
A multzoko liderra den PSGk (4 puntu) Leipzigen (0 puntu) kontra jokatuko du Parisko Printzeen Parkean. Bigarren postuan den Brujasek (4 puntu) hirugarren den Manchester Cityren (3 puntu) bisita jasoko du.