Txapeldunen Liga
Moskun
Real Madrilek barkatu eta azken hasperenean ordaindu du
Erredakzioa
Moskuko CSKAk indarra eta adorearen bidez berdinketa (1-1) lortu du. Bestalde, Napolik Chelsea 3-1 mendean hartu du kanporaketa bideratuta utziz.
-
Jose Callejon Real Madrileko jokalaria partidan, Moskun. Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
Moskuko CSKA: Chepgurov; Shennikov, V.Berezutsky, Ignashevich, A. Berezutsky; Aldonin (Honda, 67. minutua), Wernbloom; Dzagoev, Tosic (Necid, 82. minutua), Musa (Oliseh, 63. minutua); eta Doumbia.
Real Madril: Casillas; Arbeloa, Sergio Ramos, Pepe, Coentrao; Khedira, Xabi Alonso; Özil (Albiol, 84. minutua), Callejon (Kaka, 75. minutua), Cristiano Ronaldo; eta Benzema (Higuain, 15. minutua).
Golak: 0-1, 28. minutua: Cristiano Ronaldo. 1-1, 93. minutua: Wernbloom.
Real Madrilek garaipena zakarrontzira bota du azken minutuan, Moskun, eta berdinketarekin (1-1) konformatu behar izan du CSKAren aurkako norgehiagokan, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko neurketan.
Zuriek ez dute neurketa zoragarria jokatu, baina hotzari eta berdegune artifizialari zioten beldurra gainditu dute partida osoan zehar. Luzhniki estadioan zeroz azpitik jokatu da neurketa.
Jose Mourinho entrenatzaile zuriak bi euskarri atera ditu hasierako hamaikakoan: Xabi Alonso eta Khedira. Bestalde, prestatzaileak Callejon hasieratik jarri du ezustekoa emanez.
Errusiako taldeak atzealdean egindako huts bat aprobetxatu dute madrildarrek lehen zatian. Higuainek baloia lapurtu eta Ozili laga dio. Erdilari alemaniarrak erdiraketa egin du Khedira bilatu nahian.
Herrikidea ez da baloira heldu, baina Cristiano Ronaldok ez du zalantzarik izan eta gogor jaurti du. Atezain errusiarrak ezin izan du ezertxo ere egin portugaldarraren zartakoa gelditzeko.
Madrildarrek alferrik galdutako abaguneak bigarren zatian deitoratu dituzte, izan ere, azken hasperenean Werbloom suediarrak berdinketaren gola sartu du erdiraketa bat aprobetxatuz.
Napoli-Chelsea (3-1)
Bestalde, Napolik aurrerapauso handia eman du Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatzeko, izan ere, Chelsea 3-1 mendean hartu dute italiarrek. Cavanik eta Lavezzik Ingalaterrako taldearen defentsa estutasunean jarri dute neurketa osoan zehar.
Fitxa teknikoa:
Napoli: De Sanctis; Aronica, Campagnaro, Cannavaro, Maggio; Hamsik (Pandev, 82. minutua), Zuñiga, Gargano, Inler; Cavani, Lavezzi (Dzemaili, 74. minutua).
Chelsea: Cech; Ivanovic, David Luiz, Cahill, Bosingwa (Cole, 12. minutua); Ramires, Meireles (Essien, 70. minutua), Malouda (Lampard, 70. minutua), Mata, Drogba, Sturridge.
Golak: 0-1, 27. minutua, Mata; 1-1, 39. minutua, Lavezzi; 2-1, 45. minutua, Cavani; 3-1, 65. minutua, Lavezzi.