Txapeldunen Liga
Final-zortzirenak
Bayern eta Chelsea, final-laurdenetara; Lazio eta Atletico Madril, txapelketatik at
A. B. | EITB Media
Chelseak 2-0eko emaitzarekin irabazi dio Ligako liderrari final-zortzirenetako itzuliko partida. Bayern Munichek ez du kale egin, Lazio mendean hartuta (2-0).
-
Chelseako jokalariak Ziyechek Atleticori sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Asteazken honetan jokatu dira Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko azken partidak. Bayern Munichek eta Chelseak final-laurdenetarako txartelak lortu dituzte, eta ostiralean egingo den zozketan egongo dira Real Madril, Manchester City, PSG, Liverpool Borussia Dortmund eta Porto taldeekin batera.
Stamford Bridgen neurtu dituzte indarrak Chelseak eta Atletico Madrilek. Ingalaterrako taldeak 0-1eko emaitzarekin irabazi zuen joaneko neurketa, eta itzulikoan ere garaipena lortu du (2-0). Nagusi izan da Ingalaterrako taldea Santander Ligako liderraren aurrean eta merezitako garaipena eskuratu du. Ziyechek sartu du 1-0eko 34. minutuan, eta 95. minutuan Emersonek biribildu du garaipena (2-0).
Eguneko final-zortzirenetako itzuliko beste partidan Bayern Munichek ez du kale egin eta egungo txapeldunak aurrera egin du. Alemaniako taldeak 1-4ko emaitzarekin irabazi zuen joaneko norgehiagoka eta itzulikoa ere irabazi egin du (2-1). Robert Lewandowskik jarri du 1-0eko markagailuan penaltiz Reina atezaina gaindituta. Bigarren gola Choupo-Motingek sartu du (2-0). Azken txanpan, Laziok emaitza txukundu du Paroloren golari esker (2-1).