Txapeldunen Liga
3. jardunaldia
Real Madril, garaile Interren aurka; Bayern, Gladbach eta Liverpool, ikusgarri
Erredakzioa
Madrilgo taldeak garaipen estua lortu du (3-2). Bayernek Salzburg jipoitu du (2-6), B. Mönchengladbachek erakustaldia eman du Shakhtarren aurka (0-6) eta Liverpool aise nagusitu zaio Atalantari (0-5).
-
Rodrygo Real Madrileko bere taldekideak, brasildarraren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Txapeldunen Ligako multzoen faseko hirugarren jardunaldiak gol zaparrada eta ikuskizuna utzi digu astearte honetan. A, B, C eta D multzoetako taldeak ibili dira lehian.
Bayern Munich egungo txapeldunak Salzburg jipoitu du (2-6) eta A multzoko liderra da 9 punturekin, hirutik hiru neurketa irabazita. Bestalde, Atletico Madrilek bana berdindu du Lokomotivekin (1-1). Koltxoneroak sailkapeneko bigarren postuan daude 4 punturekin, Lokomotiv hirugarren da 2 punturekin, eta Salzburg da multzoko azkena puntu bakarrarekin.
B multzoan, Real Madrilek Inter Milan mendean hartu du 3-2ko emaitzarekin. Madrilgo taldea hirugarren da B multzoan, eta bigarren den Shakhtar Donetskek ere 4 puntu ditu. Shakhtarrek jipoia jaso du Borussia Mönchengladbachen eskutik (0-6). Gladbach da liderra, 5 punturekin.
Liverpool aise nagusitu zaio Atalantari (0-5) eta Ajaxek garaipena lortu du Midtjylanden kontra (1-2). Ondorioz, Liverpool da liderra (9 puntu), Ajax (4 puntu) da bigarren, Atalanta (4 puntu) hirugarren, eta punturik lortu ez duen Midtjyland da multzo honetako laugarrena.
C multzoan, Mancehester Cityk irabazi egin du Olympiakosen aurka (3-0) eta Portok mendean hartu du Olympique Marsella (3-0). City (9 puntu) da liderra, Porto (6 puntu) bigarren, Olympiacos (3 puntu) hirugarren, eta Olympique Marsella da azkena, punturik gabe.