Txapeldunen Liga
Txapeldunen Liga, finalerdiak
Di Mariaren jokoak finalera sailkatu du PSG lehen aldiz
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argentinarrak berebiziko garrantzia izan zuen bere taldea Txapeldunen Ligako finalera hel zedin, gol bat sartu eta goleko bi pase eman baitzituen Leipzigen aurka.
-
Angel Di Maria (ezkerrean) eta Neymar (eskuinean). Argazka: EFE
Angel Di Maria argentinarrak RB Leipzigen aurka jokatutako partida handiak final historikora gidatu zuen Paris Saint-Germain (0-3); izan ere, Frantziako hiriburuko taldeak lehen aldiz jokatuko du Txapeldunen Ligako final handia. Hala, frantziarrak euren aurkaria nor izango den zain daude (Bayern Munich edo Olympique Lyon) asteazken honetan jokatuko baita bigarren finalerdia.
Iragan asteazkenean Atalantaren aurkako neurketako (2-1) zigorra behin beteta, Di Maria hamaikakora itzuli zen, eta geldiezina izan zen Leipzigentzat.
Hala, bi goleko pase eman zituen: lehendabizikoa, 13. minutuan, Marquinhosek buruz 0 eta 1ekoa sar zezan; bigarrena, 56. minutuan, Juan Bernatek 0 eta 3koa erdietsi zezan, hark ere burukada baten bidez). Horrez gain, berak egin zuen 0 eta 2koa, 43. minutuan.Leipzigi dagokionez, berriz, Alemaniako taldeak ez zuen joan den ostegunekoaren antzik izan. Poulsenek aukera bat eduki zuen 0-1 galtzen ari zirela, baina ezer gutxi gehiago. Ez zuen mugitu baloia ohi duen zehaztasun, bertikaltasun eta erraztasunarekin, eta, azken batean, ez zituen erakutsi Europako lau talderik onenen artean egotera eraman duten dohainak.
Fitxa teknikoa:
0 - RB Leipzig: Gulacsi; Mukiele, Upamecano, Klostermann (Orban, 83. min); Laimer (Halstenberg, 62. min), Sabitzer, Kampl (Adams, 64. min), Angeliño; Nkunku (Forsberg, 46. min), Dani Olmo (Schick, 46. min) eta Poulsen.
3 - Paris Saint-Germain: Sergio Rico; Kehrer, Thiago Silva, Kimpembe, Bernat; Marquinhos, Paredes (Draxler, 82. min), Ander Herrera (Verrati, 83. min); Di María (Sarabia, 87. min), Mbappé (Choupo-Moting, 86. min) eta Neymar.
Golak: 0-1, 13. min: Marquinhos. 0-2, 42. min: Di Maria. 0-3, 56. min: Bernat
Epailea: Björn Kuipers (Herbehereak). Txartel horiak: Kimpenbe (PSG); Laimer, Halstenberg eta Poulsen (Leipzig).