Txapeldunen Liga
FINAL-LAURDENAK
Bayern Munichek txikitu egin du Bartzelona (2-8)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alemaniarrak goitik behera nagusitu dira, eta ez diote inolako aukerarik eman atsedenaldira 1-4 galtzen joan den talde katalanari.
-
Lionel Messi, burumakur Bayernen gol bat jaso eta gero. Argazkia: EFE
Bayernek barregarri utzi du Bartzelona Txapeldunen Ligako final-laurdenetan (2-8), eta katalanei azken denboraldietako Europako mamuak agertu zaizkie beste behin ere.
Hala ere, Quique Setienen mutilek gol bat edo beste sartzeko aukerak izan dituzte atsedenaldira emaitza hain erabakigarriarekin ez heltzeko. Baina ez Suarezek, atezainaren aurrean izandako buruz burukoan, ez Messik, jokaldi ikusgarri baten ostean, ez dute lortu Neuerren atea zulatzea. Bartzelonaren poztasun bakarra Alabak bere atean sartutako gola izan da, une horretan neurketa parekatzeko balio izan duena, baina irudipena besterik ez da izan.
Itxaropena 56. minutuan itzuli da Bartzelonarentzat, izan ere, Suarezek Boatengiri iskin egin dio area barruan, eta haren jaurtiketa bortitzak Neuer gainditu du.
Aitzitik, erreakzioak apenas iraun du. Izan ere, handik sei minutura Alphonso Davies kanadarrak jokaldi aparta gauzatu du ezker hegaletik. Semedo agerian utzi du eta baloia Kimmichi eman dio bultzatu besterik egin ez zezan bosgarrena egiteko. Gerora, 82. minutuan, Lewandovskik seira igoarazi du markagailua, eta azken bi golak Coutinho brasildarrak egin ditu, hau da, Bartzelonak utzita Bayernen jokatzen ari den erdilariak.
Fitxa teknikoa:
2 - Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Pique, Lenglet, Alba; Sergio Busquets (Ansu Fati, 70. min), Sergi Roberto (Griezman, 45. min), De Jong, Arturo Vidal; Suarez, Messi.
8 - Bayern Munich: Neuer; Kimmich, Boateng (Sule, 76. min), Alaba, Alphonso Davies; Goretzka (Tolisso, 84. min), Thiago; Gnabry (Coutinho, 75. min), Muller, Perisic (Coman, 67. min); Lewandowski.
Golak: 0-1, 4. min: Muller. 1-1, 7. min: Alaba (bere atean). 1-2, 21. min: Perisic. 1-3, 27. min: Gnabry. 1-4, 31. min: Muller. 2-4, 56. min: Luis Suarez. 2-5, 62. min: Kimmich. 2-6, 82. min: Lewandowski. 2-7, 84. min: Coutinho. 2-8, 88. min: Coutinho.
Epailea: Damir Skomina (Eslovenia). Txartel horiak: Boateng, Goretzka eta Kimmich (Bayern Munich); Luis Suarez, Jordi Alba eta Vidal (Bartzelona).