Itxi

Txapeldunen Liga

Txapeldunen Liga

Tottenham-Leipzig eta Atalanta-Valentzia, gaurko lehiak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako bigarren jardunaldian Leipzigek eta Atalantak debuta egingo dute txapelketako fase honetan.

  • Tottenhameko jokalariak Aston Villaren aurka gol bat ospatzen joan asteburuan.

    Tottenhameko jokalariak Aston Villaren aurka gol bat ospatzen joan asteburuan. Argazkia: EFE

Txapeldunen Ligak beste jardunaldi bat izango du gaur final-zortzirenetako kanporaketei dagozkien bi partida berrirekin.

Londresen, Tottenhamek (21:00), hau da, lehiaketako txapeldunordeak, Alemaniako Leipzigen aurka jokatuko du. Jose Mourinhok entrenatzen duen taldea aurreko denboraldian hainbeste poztasun ekarri zizkion txapelketara itzuliko da, baina beste teknikari batekin, Mauricio Pochettino kargugabetu ostean.

Porto eta Interrekin Europako txapeldun izandako entrenatzaile portugaldarrak loria errepikatu nahi du hirugarren talde batekin, baina jasaten ari den lesio-boladak aukerak zaildu dizkio. Harry Kaneren lesioari (apirilera arte egongo da kanpoan) Son Heung-min hego-korearrarena gehitu zaio azken orduan, haustura baitauka eskuin besoan. Gainera, neguko merkatuan Christian Eriksen galdu du, Interrera joan baita.

Daniarraren, ingelesaren eta hego-korearraren hutsuneekin, Londresko taldeak bere erasoko eskema berregin beharko du. Hala, Bergwijn iritsi berria erasoko lanetan arituko da Lucas Mourarekin batera.

Bere aldetik, Leipzigek hasiberriaren ilusioarekin ekingo dio txanda honi, Ingalaterran jokatuko duen bere historiako lehen partida ofizialean. Alemaniarrek multzoen fase handia jokatu zuten, eta Olympique Lyon, Benfica eta Zeniten aurretik geratu ziren, lehen postuan.

Hala ere, Bundesligan jasandako beheraldiak (azken bost jardunaldietan garaipen bakarra lortu du), Alemaniako txapelketako lidergoa galtzea ekarri dio, Bayern Munichengandik puntu bakarrera mantentzen den arren.

Julian Nagelsmann gazteak (32 urte) ere hutsune ugari izango ditu neurketa honetarako: Dayot Upamecano zigortuta dago eta Kevin Kampl, Ibrahima Konate, Tyler Adams eta Willi Orban, aldiz, lesionatuta. Timo Werner da bere erreferente nagusia erasoan, Alemaniako selekzioan titular gisa aritu ohi dena.

Balizko hamaikakoak:

Tottenham: Lloris, Aurier, Vertonghen, Alderweireld, Sanchez, Winks, Dier, Alli, Lo Celso, Bergwijn eta Moura.

RB Leipzig: Gulacsi, Klostermann, Amadu, Halstenberg, Mukiele, Sabitzer, Laimer, Angeliño, Nkuku, Schick eta Werner.

Epailea: Cüney Cakir (Turkia).

Futbol-zelaia: Tottenham Hotspur Stadium (Londres).

Ordua: 21:00.

Atalanta vs Valentzia

Atalantako entrenatzailea, Gian Piero Gasperini, bere jokalariak zoriontzen. Argazkia: EFE

Valentziak, bere aldetik, Italiara joko du San Siron Atalantaren aurka jokatzeko (21:00). Txapeldunen Ligarako agertoki egokiago batean jarduteko asmoz, Milanera borondatez erbesteratu izanak ez die eragotziko Bergamokoei etxean bezala izatea. Izan ere, Atalantak bere jendea mugituko du, une honetan kanporaketa gainditzeko faboritoa dena babesteko.

Albert Celadesen taldeak, berriz, orain arte elkarrekin batera jokatu ez duten erdiko bi atzelarirekin egin beharko dio aurre Italiako ligako talde golegileenari (63 gol 24 partidatan); izan ere, Ezequiel Garay eta Gabriel Paulista titularrak baja dira kanporaketa honetarako: lehena, lesio larri batengatik; bigarrena, Amsterdamen txartel gorria ikusi ostean bi partidako zigorraldia betetzera behartuta dagoelako. Haien ordez arituko dira Mouctar Diakhaby eta Eliaquim Mangala.

Erdiko atzelariez gain, Valentziak ezin izango du zelairatu neguko merkatuan egindako fitxaketa bakarra: Alessandro Florenzi hegaleko italiarra (Erromako kapitain ohia), barizelak jota baitago, eta horrek are gehiago ahultzen du Valentziaren atzealdea.

Bestalde, Gian Piero Gasperini Atalantako entrenatzaileak Duvan Zapata aurrelaria berreskuratu du berriki, eta ez du baja bakar bat ere lehia honetarako, ez lesioengatik, ez zigorrengatik. Italiako txapelketan azken lau partidetatik hiru irabazi ostean, moralez gainezka iritsiko da. 

Balizko hamaikakoak:

Atalanta: Gollini, Djimsiti, Toloi, Palomino, Hateboer, Freuler, De Roon, Gosens, Gomez, Ilicic eta Duvan.

Valentzia: Domenech, Wass, Diakhaby, Mangala, Gaya, Kondogbia, Parejo, Ferran, Carlos Soler, Guedes eta Maxi Gomez.

Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra).

Futbol-zelaia: San Siro (Milan).

Ordua: 21:00.

Ordutegia: 21:00.