Itxi

Txapeldunen Liga

TXAPELDUNEN LIGA

Bartzelonak eta Leipzigek aurrera egin dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Katalanek Borussia gainditu dute Camp Nou zelaian (3-1); alemaniarrek, berriz, luzapenean lortu dute behar zuten puntua, Benficaren kontra (2-2).

  • Messi eta Luis Suarez elkarri besarkatuta.

    Messik eta Luis Suarezek gol bana sartu dute. Argazkia: EFE

Bartzelonak Borussia Dortmund (3-1) gainditu du asteazken honetan, Camp Noun eta Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan izateko eskubidea bereganatu du, F multzoko lider gisa.

Kataluniako taldeak, Lionel Messiren (29. min) eta Luis Suarezen (33. min) golen bidez, bideratuta utzi du norgehiagoka lehen zatian. Bigarrenean, Antoine Griezmannen txanda iritsi da (67. min). Aurrelari frantziarrak lesionatuta alde egin duen Ousmane Dembeleren lekua hartu du zelaian, eta primeran baliatu du Messik emandako baloi bat gol egiteko.

Neurketa erabakita zegoela ikusita, Bartzelona lasaitu egin da, eta Borussiak hori baliatu du arrisku gehiago sortu eta aldea murrizteko, Jadon Sanchok sartutako gol ikusgarriari esker (77. min).

Jardunaldi honetan final-zortzirenetarako sailkapena eskuratu duen beste taldea Leipzig izan da. Alemaniarrek galduta ikusten zuten norgehiagoka berdintzea lortu dute azken hatsean. Izan ere, Benfica bi goleko abantailarekin ari zen irabazten, baina Emil Forsberg suediarrak 89. eta 96 minutuetan sartu dituen golek (penaltiz, lehendabizikoa eta buruz, bigarrena) lehia orekatu dute.

Liverpoolek, berriz, azken jardunaldira arte itxaron beharko du bere patua ezagutzeko. Egungo txapeldunek Napoli izan dute aurkari etxean, eta berdindu baino ezin izan dute egin (1-1). Italiarrek hartu dute aurrea lehen zatian (Dries Mertens, 21. min), eta Jurgen Kloppen mutilek Dejan Lovrenen burukada bati itxaron behar izan diote emaitza orekatzeko bigarren zatian.

Final-zortzirenetarako sailkapena erdietsiko duen ala ez argitzeke jarraitzen duen beste talde bat Valentzia da. Bina berdindu Chelsearekin (2-2), eta Ajaxen etxean irabazten saiatu beharko du.

5. jardunaldiko emaitzak E, F, G eta H multzoetan:

E multzoa

Genk 1-4 Salzburgo [Samata (85') | Daka (44'), Minamino (45'), Hwang Hee-Chan (69') eta Haaland (87')]
Liverpool 1-1 Napoles [Lovren (65') | Mertens (21')]

F multzoa

Bartzelona 3-1 Borussia Dortmund [Luis Suarez (29'), Messi (32') eta Griezmann (67') | Sancho (77')]
Slavia Praga 1-3 Inter Milan [Soucek (37') | Lautaro Martínez (19' eta 88') eta Lukaku (81')]

G multzoa

Leipzig 2-2 Benfica [Forsberg (89', penaltiz eta 96') | Pizzi (19') eta Vinicius (59')]
Zenit 2-0 Olympique Lyon [Dzyuba (42') eta Ozdoev (84')]

H multzoa

Lille 0-2 Ajax [Ziyech (2') eta Promes (59')]
Valentzia 2-2 Chesea [Carlos Soler (40') eta Wass (82') | Kovacic (42') eta Pulisic (53')]