Txapeldunen Liga
5. JARDUNALDIA
Real Madril, Tottenham eta Manchester City final-zortzirenetan izango dira
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehenengo biek euren multzoetako bigarren sailkatu gisa egin dute aurrera; City, berriz, C multzoko liderra izango da.
-
Harry Kane aurrelariak Tottenhamen bi gol sartu ditu. Argazkia: EFE
Real Madrilek, Tottenhamek eta Manchester Cityk Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkapena lortu dute astearte honetan. Atletico Madrilek, ordea, zaildu egin ditu txapelketan aurrera egiteko bere aukerak, Turinen galdu ostean (1-0). Aipatutakoez gain, Robert Lewandowski poloniarra izan da eguneko izen nagusiena, Bayern Municheko aurrelariak lau gol sartu baititu Izar Gorriaren zelaian (0-6).
Madrildarrek Paris Saint Germain hartu aurretik lortu dute hurrengo kanporaketa izateko eskubidea, Istanbulgo Ali Sami Yen zelaian Galatasarayren eta Brujasen artean izandako berdinketa (1-1) dela medio.
Gerora, paristarren aurkako partidan, bina berdindu dute. Etxeko taldeak garaipena esku-eskura izan du, Karim Benzema frantziarrak 79. minutuan 2-0koa sartu duenean. Alabaina, frantziarrak neurketa parekatzeko gai izan dira bi minuturen buruan. Ondorioz, Zidaneren taldea A multzoko bigarren postuan igaro da, PSGren atzetik.
Karim Benzema. Argazkia: EFE
Tottenham egungo txapeldunordeari dagokionez, Jose Mourinho entrenatzailea buru zuela, ikara galanta izatetik festan murgiltzera pasatu da (4-2). Youssef El-Arabi marokoarrak eta Ruben Semedo portugaldarrak bi golez aurretik jarri du Olympiakos hogeigarren minuturako. Dele Allik, baina, aldea murriztu du lehen zatiaren luzapenean, eta bigarren aldean, ostera, Tottenham erabat nagusitu da. Harry Kanek bi gol erdietsi ditu (50' eta 77') eta Serge Aurierrek (73 ') lortu du azken 4-2koa. Hartara, B multzoko bigarren postuan bukatu dute londrestarrek.
Astearte honetan sailkapena bereganatu duen hirugarren taldea Guardiolaren City izan da. Shakhtar Donetsken aurka berdindu baino egin ez arren (1-1), puntu hori nahikoa izan dute manchesterrekoek C multzoko lehen postua ziurtatzeko, Dinamo Zagrebek Atalantaren aurka galdu izanak (2-0) mesede egin baitie.
Hutsean amaitu den lehen zatiaren ostean, Ilkay Gundogan alemaniarrak aurretik jarri du talde ingelesa (56'), baina Manor Solomon israeldarrak (69') emaitza orekatu du.
Azkenik, gaueko beste protagonista nagusia Robert Lewandowski poloniarra izan da, Bayernek Izar Gorriaren aurka lortutako garaipenean lau gol sartu baititu (0-6).
Robert Lewandowski. Argazkia: EFE
5. jardunaldiko emaitzak A, B, C eta D multzoetan:
A multzoa
Real Madril 2-2 PSG [Benzema (17' eta 79') | Mbappé (81') eta Sarabia (83')]
Galatasaray 1-1 Brujas [Buyuk (11') | Diatta (92')]
B multzoa
Tottenham 4-2 Olympiakos [Dele Alli (46'), Harry Kane (50' eta 76') eta Aurier (52') | El-Arabi (6') eta Ruben Semedo (19')]
Izar Gorria 0-6 Bayern Munich [Goretzka (14'), Lewandowski (53', penaltiz, 60', 64' eta 68') eta Tolisso (90')]
C multzoa
Atalanta 2-0 Dinamo Zagreb [Muriel, penaltiz (27') eta Papu Gomez (47')]
Manchester City 1-1 Shaktar Donetsk [Gundogan (56') | Solomon (69')]
D multzoa
Lokomotiv Mosku 0-2 Bayer Leverkusen [Zhemaletdinov, bere atean (11') eta Bender (54')]
Juventus 1-0 Atletico Madril [Dybala (47')]