Itxi

Txapeldunen Liga

1. JARDUNALDIA

PSG erraz gailendu zaio Real Madrili eta Atleticok eta Juventusek berdindu egin dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Paris Saint-Germainek 3-0 irabazi dio talde zuriari DI Mariaren bi gol tarteko. Atleticok, berriz, neurketa orekatzea lortu du bi gol azpitik egon ostean.

  • Angel di Mariak bi gol sartu ditu Real Madrilen aurka

    Angel di Mariak bi gol sartu ditu Real Madrilen aurka. Argazkia: EFE

Real Madrilek porrotarekin ekin dio 2019/2020 denboraldiko Txapeldunen Ligari Paris Saint-Germainen aurka (3-0), Parisen jokatutako lehian. Angel di Maria argentinarrak, Madrileko jokalari ohia bera, gauzatu ditu paristarren lehendabiziko bi golak, lehen zatian sartutakoak. Hirugarren eta azken gola, ostera, Thomas Meunier belgikarrak erdietsi du, ia-ia neurketaren amaieran.

Bere aldetik, Atletico Madril oso maldan gora zeukan neurketa berdintzeko gai izan da Wandan, Juventusen aurrean. Simeoneren taldea 0-2 egon da galtzen, baina buruz sartutako bi goli esker markagailua orekatzeko ahalmena izan du. Hector Herrera mexikarrak erdietsi du Atleticoren berdinketaren gola, 90. minutua beteta zegoela. Aurretik, Savic atzelariak jarri du 1-2koa.

Savicek sartu du Atleticoren lehen gola. Argazkia: EFE

Era berean, Manchester Cityk aurreikuspenak bete ditu, eta Shakhtar Donetsk Ukrainako taldea mendean hartu du beste behin ere, joan zen denboraldian bi aldiz egin zuen gisara. Aurreko urtean, 6-0 eta 0-3 nagusitu ziren Guardiolaren mutilak, eta gaurkoan ere emaitza bera lortu dute etxetik kanpo (0-3), Ilkay Gundogan erdilariaren aginte-makilari jarraiki.

Bayern Munichek ere garaile ekin dio txapelketari, 3-0eko emaitzarekin bereganatu baititu lehendabiziko hiru puntuak Izar Gorriaren kontra. Dena den, garaipena kostatakoa izan da, azken bi golak norgehiagoka amaitzeko 10 minuturen faltan heldu baitira.

Jardunaldiko gol zaparrada handiena Dinamo Zagreb-Atalanta partidan gertatu da, etxekoek aise gainditu baitituzte italiarrak (4-0).

1. jardunaldiko emaitzak A, B, C eta D multzoetan:

A multzoa:

Brujas 0–0 Galatasaray

PSG 3–0 Real Madril [Di María (13' eta 33') eta Meunier (91')]

B multzoa:

Olympiakos 2–2 Tottenham [Podence (44') eta Valbuena, penaltiz (54') | Kane, penaltiz (26') eta Moura (30')]

Bayern Munich 3–0 Izar Gorria [Coman (34'), Lewandowski (80') eta Müller (91')]

Grupo C:

Shakhtar 0–3 Manchester City [Mahrez (24'), Gundogan (38') eta Gabriel Jesus (76')]

Dínamo Zagreb 4–0 Atalanta [Leovac (10') eta Orsic (31', 42 eta 68')]

Grupo D:

Atletico Madril 2–2 Juventus [Savic (70') eta Herrera (90') | Cuadrado (48') eta Matuidi (65')]

Leverkusen 1–2 Lokomotiv [Howedes, bere atean (25') | Krychowiak (16') eta Barinov (37')]