Itxi

Txapeldunen Liga

FINALERDIAK

Ajaxek aurrea hartu du Tottenhamen aurkako kanporaketan (0-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Herbeheretarrek lehen zatiko 15. minutuan sartu dute partidako gol bakarra Van de Beeken bitartez, eta ez dute zailtasun handiegirik izan ingelesen erasoaldiei eusteko.

  • Ajaxeko jokalariak sartu duten gola ospatzen.

    Ajaxeko jokalariak sartu duten gola ospatzen. Argazkia: EFE

Ajaxek Txapeldunen Ligako ezusteko nagusia izaten ari dela berretsi du astearte honetan, txapelketako finalerdiei dagokien joaneko partida irabazi baitio Tottenhami haren futbol-zelaian (0-1).

Donny van de Beek izan da neurketako golegile bakarra. 22 urteko erdilariak norgehiagokako 15. minutuan erdietsi duen gola bere taldeak lehen zati osoan azaldutako nagusitasunaren isla izan da. Handik gutxira, Van de Beek bera bigarrena lortzeko moduan egon da, baina norberekoi jokatu du David Neres brasildarra egokiera hobean zegoenean.

Bigarren zatian Tottenham hobeto aritu da; hala ere, Ajaxek ez du zailtasun gehiegirik izan markagailuan zeukan abantailari eusteko. Etxekoek geldikako jokaldietan sortu dute arriskurik handiena, batez ere Toby Alderweireld belgikarraren burukaden bidez, baina eraginkortasunik gabe.

Herbeheretarren aldetik, berriz, Neres kanporaketa ia erabakita uzteko zorian egon da, baina bere ahalegina zutoinera joan da.

Horrenbestez, futbolaz gozatzen ari den Ajaxek urrats handia eman du kanporaketa gainditzeko, Harry Kaneren eta Sonen hutsuneak asko nabaritu dituen talde ingelesaren aurrean.

Fitxa teknikoa:

0 - Tottenham Hotspur: Lloris, Trippier (Foyth, 80. min), Alderweireld, Vertonghen (Sissoko, 39. min), Sanchez, Rose (Davies, 79. min), Wanyama, Eriksen, Moura, Alli eta Llorente.

1 - Ajax: Onana, Tagliafico, Blind, De Ligt, Veltman, De Jong, Schöne (Mazraoui, 65. min), Neres, Van de Beek, Ziyech (Huntelaar, 87 min); Tadic.

Gola: 0-1, 15. min: Van de Beek.

Epailea: Mateu Lahoz (ESP). Txartel horiak: Tagliafico (30. min) eta Veltman (min. 63. min).