Itxi

Txapeldunen Liga

FINAL-ZORTZIRENAK

Atletico eta City, final-laurdenetarako sailkapena lotzera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Madrildarrek eta manchesterrekoek aldeko emaitzak lortu zituzten joanekoetan (2-0 eta 2-3, hurrenez hurren), eta oso bideratuta dituzte kanporaketak.

  • Antoine Griezmann

    Antoine Griezmann. Argazkia: EFE

Atletico Madril faborito da Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako sailkapena lortzeko, Juventusen aurka (21:00) gaur jokatu behar duen partidan. Madrildarrek 2-0 irabazi zuten joanekoan, eta dena dute euren alde, nahiz eta talde italiarrak baduen eskarmentu eta argudio nahiko kanporaketa iraultzeko.

Joaneko partidako azken txanpan Gimenezek eta Godinek sartu zituzten bi golek oso bideratuta utzi zuten kanporaketa Simeoneren taldearen alde. Hala ere, zuri-gorriek jakin badakite neurketa gogorra izango dutela Italian.

Vecchia Signorak denboraldia amaitu bitarteko emozioa dauka jokoan, Serie A liga erabakita baitu bere alde. Sailkapenean bigarren den Napolesi 18 puntuko tartea ateratzen dio, eta horrek hainbat aldaketa egitea ahalbidetu zion Massimiliano Allegri entrenatzaileari Udineseren aurka jokatutako azken partidan. Hala ere, ez zuen inolako arazorik izan neurketa aurrera ateratzeko (4-1).

Atleticok, ordea, oraindik badu zeresana Liga txapelketan, Bartzelonaren lidergoa kolokan jartzeko ahaleginak egin nahi baititu azken txanpan. Aitzitik, Leganesen kontra jokatuko lehian (1-0) taldeko bizkar-hezurra osatzen duten zenbait jokalari jokatu gabe geratu ziren, astearteko norgehiagokara ahalik eta egoera onenean iristeko asmoz.

Balizko hamaikakoak:

Juventus: Szczesny, Cancelo, Bonucci, Chiellini, Spinazzola, Pjanic, Matuidi, Emre Can, Dybala, Cristiano Ronaldo eta Mandzukic.

Atletico Madril: Oblak, Arias, Gimenez, Godin, Juanfran, Rodrigo, Saul, Koke, Lemar, Griezmann eta Morata.

Epailea: Björn Kuipers (Herbehereak).

Futbol-zelaia: Allianz Stadium.

Ordua: 21:00.


Cityk ez du ezustekorik nahi

Manchester Cityko jokalariak. Argazkia: EFE

Jardunaldiko beste partidan, Manchester City eta Schalke 04 izango dira aurrez aurre. Guardiolaren taldeak 2-3 irabazi zuen Alemanian jokatu zen joanekoan, eta ia erabakita utzi zuen txapelketan aurrera egin ahal izatea.

Gainera, talde ingelesa oso une gozoan dago; ez, ordea, bere arerioa. Izan ere, alemaniarrek hilabete eta erdi daramate Bundesligan irabazi ezinda.

Cityk Watford azpiratu zuen (3-1) asteburu honetan Premier-en, eta, hartara, Newcastlen aurka (2-1) ligan galdutako neurketa da 2019an orain arte izan duten porrot bakarra, azken hamar neurketetako bakarra, hain zuzen ere.

Bere aldetik, Schalke denboraldiko bolada txarrenean murgilduta dabil. Berdinketa bat besterik ez du lortu jokatutako azken sei neurketetan. Emaitza horiek medio, alemaniarrak 14. tokian daude kokatuta euren herrialdeko liga txapelketan, jaitsierako play-offetatik lau puntura.

Balizko hamaikakoak:

Manchester City: Ederson, Walker, Otamendi, Laporte, Danilo, Gündogan, Bernardo Silva, David Silva, Sane, Sterling eta Aguero.

Schalke 04: Fährmann, Stambouli, Nastasic, Sané, Rudy, Bentaleb, McKennie, Oczipka, Serdar, Burgstaller eta Embolo.

Epailea: Clement Turpin (Frantzia).

Futbol-zelaia: Etihad Stadium.

Ordua: 21:00.