Txapeldunen Liga
11 urteren ostean
Liverpool finalean izango da, galdu egin duen arren (4-2)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pronostikoak bete egin dira, eta talde ingelesa izango da Real Madrilen aurkaria maiatzaren 26an, Kieven (Ukraina), jokatuko den finalean.
-
Liverpooleko jokalariak finalerako txartela ospatzen. Argazkia: EFE
Liverpoolek Txapeldunen Ligako finalean izateko txartela lortu du asteazken honetan, nahiz eta galdu egin duen Erromaren aurka (4-2). Horrenbestez, Real Madrilen aurkaria izango da maiatzaren 26an Kieven (Ukraina) jokatuko den final horretan.
Talde ingelesa abantailarekin heldu da atsedenaldira (1-2) Sadio Mane senegaldarraren eta Georginio Wijnaldum herbeheretarraren golei esker, baina etxeko taldeak partida irauli du bigarren zatian hiru gol lortuta: Radja Nainggolan belgikarrak bi erdietsi ditu eta beste bat Edin Dzeko bosniarrak. Etxekoen lehendabizikoa James Milner Liverpoolen atzelariak egin du lehen zatian, aldaratze batean baloia bere atean sartu ostean.
Joan zen astean, Liverpoolek Anfielden eskuratutako garaipenak (5-2) ahalbidetu dio Jurgen Kloppek entrenatzen duen taldeari kanporaketan aurrera egitea 7-6ko azken emaitzarekin. Hartara, berriz izango da finalean, 11 urteren ostean, 2007an Milanen kontra jokatu baitzuen txapelketako finala, eta galdu egin zuen (2-1).
Sadio Manek sartu du Liverpoolen lehen gola Erroman. Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
Erroma 4: Alisson; Florenzi, Fazio, Manolas, Kolarov; De Rossi (Gonalons, 69. min), Pellegrini (Under, 53. min), Nainggolan; El Shaarawy (Antonucci, 75. min), Schick, Dzeko.
Liverpool 2: Karius; Alexander-Arnold (Clyne, 92. min), Lovren, Van Dijk, Robertson; Milner, Henderson, Wijnaldum; Mané (Klavan, min. 83), Salah, Firmino (Solanke, 87. min).
Golak: 0-1, 9. min: Mané; 1-1, 15. min: Milner (p.p.); 1-2, 26. min: Wijnaldum; 2-2, 52. min: Dzeko; 3-2, 87. min: Nainggolan; 4-2, 93. min: Nainggolan (pen.).
Epailea: Damir Skomina (ESL). Txartel horiak: Florenzi eta Manolas (Erroma); Lovren eta Solanke (Liverpool).