Txapeldunen Liga
Finalerdien joanekoa
Real Madrilek abantaila hartu du, Bayern Munichi Alemanian irabazita (1-2)
agentziak | erredakzioa
Alemaniarrak irabazten hasi badira ere, madrildarrek markagailua irauli dute areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean eta kontraeraso ikusgarri batekin
-
Real Madrileko jokalariak euren bigarren gola ospatzen, Argazkia: EFE
Real Madrilek 1-2 irabazi dio Bayern Munichi Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan, eta abantailarekin helduko dio datorren astean Santiago Bernabeun jokatuko den itzuliko norgehiagokari.
Zidanen taldeak Allianz Arena zelaian segidan lortzen duen hirugarren garaipena izan da asteazken honetakoa. Modu horretan, madrildarrek urrats garrantzitsua eman dute Kieveko finalerako sailkatu eta txapela hirugarren aldiz jarraian eskuratzeko bidean, nahiz eta norgehiagokako hainbat unetan sufritzea egokitu zaien.
Horren adierazle garbia da galtzen hasi direla, Joshua Kimmichek aurretik jarri baititu etxekoak 28. minutuan. Hala ere, atsedenaldira iritsi orduko zuriek berdinketaren gola egin dute, Marcelok areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsu baten bitartez.
Gerora etorri da Asensioren gola. Real Madrileko jokalariek euren zelaian berreskuratu dute baloia alemaniarren pase txar bat moztuta, eta Lucas Vazquez eta Marcos Asensio ziztu bizian atera dira kontraerasoan. Bien arteko jokaldiak zurien bigarren gola ekarri du. Partidako 57. minutua zen.
Hortik eta amaierara bitartean, etxekoak buru-belarri ahalegindu dira golen bat egiten, baina madrildarren atzelariak eta Keylor Navas atezaina zur aritu dira arrisku aukerak aldentzeko.
Fitxa teknikoa:
Bayern 1: Ulreich; Kimmich, Boateng (Süle, 34. min), Hummels, Rafinha; Javi Martínez (Tolisso, 75. min), James; Robben (Thiago, 8. min), Müller, Ribery; eta Lewandowski.
Real Madril 2: Keylor Navas; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro (Kovacic, 83. min), Kroos, Modric, Lucas Vázquez, Isco (Marco Asensio, 46. min); eta Cristiano Ronaldo.
Golak: 1-0, 28. min: Kimmich. 1-1, 44. min: Marcelo. 1-2, 57. min: Marco Asensio.
Epailea: Bjorn Kuipers (Herbehereak). Txartel horiak: Ribery eta Thiago (Bayern); Casemiro (Real Madril)..