Itxi

Txapeldunen Liga

Final-laurdenetako itzulikoak

Erromak Bartzelonari 3-0 irabazi dio eta sailkapena lortu du Liverpoolekin batera

Agentziak | Erredakzioa

Italiarrek irauli egin dute talde katalanaren aurkako kanporaketa, joanekoan 4-1 egin baitzuten. Bere aldetik, Liverpoolek irabazi egin dio berriro Cityri (1-2), nahiz eta galtzen hasi den.

  • Kostas Manolasek sartu du Erromari sailkapena eman dion hirugarren gola. Argazkia: EFE

    Kostas Manolasek sartu du Erromari sailkapena eman dion hirugarren gola. Argazkia: EFE

Bartzelonak 3-0 galdu du astearte honetan Erromaren aurka, eta, horrenbestez, kanporatuta geratu da Txapeldunen Ligatik. Italiarrak zeharo nagusi izan dira hasieratik eta pazientziarekin Di Francesco bere entrenatzaileak eskatzen zuen "miraria" lortzea erdietsi du.

Edin Dzekok, lehen zatian, eta De Rossik eta Manolasek, bigarrenean, egindako golek kanporaketa iraultzea ahalbidetu diote talde italiarrari joanekoan 4-1 galdu ostean.

Bartzelona ez da Erroman azaldu, behintzat ez orain gutxira arte Europan errespetua eragiten zuen taldeak. Tramite hutsa izan behar zuen norgehiagoka amesgaizto hutsa bihurtu da katalanentzat. Baloiaren atzetik korrika egin behar izan dute baloiaren kontrola lortu ezinda, eta erreakzionatu ezinik geratu dira Erromak golak egiten zituela ikusten zuen bitartean.

Modu horretan, Bartzelona finalerdietatik at geratu da hirugarren denboraldiz jarraian, modurik mingarrienean. Valverderen taldeak azken minutuetan besterik ez du izan aukeraren bat (Messiren eta Denbeleren oinetan), dagoeneko markagailuak 3-0eko islatzen zuenean, baina alperrik izan da.

ROMA BARCELONA CHAMPIONS 2 EFE

Manolas eta De Rossi, partidako protagonista nagusietako bi. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Erroma 3: Alisson; Manolas, Fazio, Jesus; Florenzi, Nainggolan (El Shaarawy, 77. min), De Rossi, Strootman, Kolarov; Schick (Under, 73. min), Dzeko.

Bartzelona 0: Ter Stegen; Semedo (Dembelé, 85. min), Piqué, Umtiti, Jordi Alba; Roberto, Busquets (Alcácer, 85. min), Rakitic, Iniesta (Gomes, 80. min); Messi, Suárez.

Epailea: Clement Turpin (FRA). Txartel horiak: Fazio eta Jesus (Erroma); Piqué, Messi eta Suarez (Bartzelona).

Golak: 1-0, 6. min Dzeko; 2-0, 57. min: De Rossi (penaltiz); 3-0, 82. min: Manolas.

 

Liverpool handi batek Cityren kanporaketa berretsi du

Bere aldetik, Liverpoolek bertan behera utzi du Manchester Cityren erreakzio saiakera, eta Etihad Stadiumean etxeko taldea azpiratu du berriro (1-2).

Hartara, Jurgen Kloppek entrenatzen duen taldeak 2008tik lortzen ez zuen sailkapena eskuratu du.

Mohamed Salah egipziarrak eta Roberto Firmino brasildarrak bigarren zatian erdietsitako golek anekdota bihurtu dute Gabriel Jesus etxekoen aurrelariak hasi eta berehala egindakoa. Kanporaketaren azken emaitza, beraz, 5-1ekoa izan da Liverpoolen alde.

MANCHESTER CITY LIVERPOOL SALAH FIRMINO EFE

Salah eta Firmino Liverpoolen lehendabiziko gola ospatzen. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Manchester City 1: Ederson; Walker, Otamendi, Laporte; Fernandinho, De Bruyne, David Silva (Agüero, 65. min), Sané, Bernardo Silva (Gündogan, 74. min); Sterling eta Gabriel Jesús.

Liverpool 2: Karius; Alexander-Arnold (Clyne, 81. min), Lovren, Van Dijk, Robertson; Milner, Wijnaldum, Oxlade-Chamberlain; Mané, Salah (Ings, 89. min) eta Firmino (Klavan, 81. min).

Golak: 1-0, 2. min: Gabriel Jesús. 1-1, 56. min: Salah. 1-2, 76. min: Firmino.