Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak

Real Madrilek PSGri irabazi dio bigarrenez, eta final-laurdenak jokatuko ditu (1-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Liverpoolek, bere aldetik, ez du arazorik izan sailkapena berresteko Anfielden Oportoren aurka, historiarik gabeko partida batean (0-0).

  • Cristiano Ronaldok eta Verratik protagonismoa izan dute lehian, baina arrazoi ezberdinengatik. EFE

    Cristiano Ronaldok eta Verratik protagonismoa izan dute lehian, baina arrazoi ezberdinengatik. EFE

Real Madrilek bere lehiakortasun azaltzeko duen sena agertu du Printzipeen Parkean PSG taldea txapelketatik kanpo uzteko, eta, horrenbestez, Txapeldunen Ligako final-laurdenak jokatzeko txartela eskuratu du astearte honetan. Norgehiagoka ona jokatu dute madrildarrek, eta joanekoan lortutako abantaila 3-1 defendatzeaz gain, 1-2 azpiratu du talde paristarra.

Talde zuria aurretik jarri da markagailuan bigarren zatiari ekin eta ia berehala, Cristiano Ronaldok buruz sartutako gol bati esker. Ondoren, Verratik bigarren txartel horia ikusi du, eta bere taldea hamarrekin geratu da. Hala ere, neurketa berdintzeko gaitasuna izan dute. Casemiro baloi bat aldentzen saiatu da area barruan, baina baloian Cavaniren hankan jo du eta sare barrura joan da (71. min).

Madrilek, dena den, ez du aparteko estutasunik igaro, eta 80. minutuan kanporaketa guztiz erabakita utzi duen gola heldu da Casemiroren eskutik.

Hartara, PSGk lehendabiziko partida galdu du etxean aurtengo denboraldian, Unai Emeryk taldeko ardura hartu zuenetik estreinakoa, eta ezerezean utzi du Txapeldunen Liga irabazteko sekula ikusi gabeko diru kopuruan oinarritutako proiektua.

Liverpool, arazorik gabe

Liverpoolek, bere aldetik, berdindu egin du Anfielden Oportoren kontra (0-0), eta arazorik gabe bete ditu hurrengo kanporaketara sailkatzeko bere eginbeharrak. Kanporaketa, gainera, erabat erabakita geratu zen joaneko partidan, Do Dragaon 0-5eko emaitzarekin gailendu baitziren Jurgen Kloppen mutilak.

Horrenbestez, historiarik izan ez duen lehian, talde portugaldarra txapelketatik kanpo geratu da, zailegia suertatu zaion aurkariaren aurrean.