Txapeldunen Liga
Finalerdiak, joaneko partida
Bartzelona finaletik gertuago dago, Messiren jenialtasunari esker
Agentziak | Erredakzioa
Jokalari argentinarrak erabaki zuen partida, 77. minututik aurrera.
Leo Messik bi minututan egindako bi jenialtasunek eta Neymarrek luzapenean egindako golak Bartzelonaren alde jarri dute Bayern Munichen aurkako kanporaketa. Kataluniarrak 3 eta 0 gailendu dira, eta Txapeldunen Ligako finala handia gero eta gertuago dute.
Pep Guardiolaren itzuleran, protagonismo osoa Messik izan du. Argentinarrak erabaki du 77. minutura arte berdinduta izan den norgehiagoka. Leo agertzen denean, gauzak aldatu egiten dira. "Ez dago Leo gelditzeko defentsarik, ezta sistemarik ere, onegia da", esan zuen Guardiolak partidaren atarian. Eta asmatu egin zuen.
Messik lehen gola area ertzetik egindako erremate baten bidez egin du, 77. minutuan. Handik bi minutura, bigarrena egin du. Artelana izan da argentinarrak egindako jokaldia. Bartzelonaren festa Neymarrek biribildu du hirugarrena kontraerasoan eginda. Bartzelonak esku-eskura du Txapeldunen Ligako finalean sartzea.
Fitxa teknikoa:
3 - Bartzelona: Ter Stegen; Alves, Piqué, Mascherano (Bartra, 88. min), Alba; Busquets, Iniesta (Rafinha, 87. min), Rakitic (Xavi, 82. min); Messi, Suárez eta Neymar.
0 - Bayern Mnich: Neuer; Benatia, Boateng, Rafinha; Thiago, Lahm, Xabi Alonso, Bernat, Schwensteiger; Lewandowski eta Müller (Götze, 79. min).
Golak: 1-0, 77. min: Messi. 2-0, 79. min: Messi. 3-0, 94. min: Neymar.