Itxi

Txapeldunen Liga

Txapeldunen Ligako finala

Borussia eta Bayern, bi talde beldurgarri Europako sari gorenaren bila

L.E.

Aurrean izan dituzten aurkari guztiak mendean hartu dituzte, espero baino errazago, Madril eta Barça ere barregarri utzita. Larunbatean Wembleyn jokatuko dute, Txapeldunen Ligako gau magikoan.

  • Bayern da faboritoa Borussiaren aurkako final handian. Efe.

    Bayern da faboritoa Borussiaren aurkako final handian. Efe.

Borussia eta Bayern Munich nor baino nor gehiago izango dira larunbatean Wembleyn, Txapeldunen Ligako final handian. Askoren arabera, Europako futbolaren gau perfektua izango da, Jürgen Kloppen Borussiak eta Jupp Heynckesen Bayernek ibilbide bikaina bete baitute finalera iritsi aurretik. Gainera, Heynckesen azken partida ofiziala izango da Munichekoen aulkian, lekua Pep Guardiolari utzi aurretik.

Bi taldeen estatistikek ez dute aitzakientzako lekurik uzten, biek egin dituzte finalean egoteko merituak, soberan. Bide osoan ez dute euren mailako aurkaririk izan. Ez Bartzelona, ezta Real Madril ere.

Apuestuen arabera, Bayern da faborito nagusia, azken hilabeteetan nagusitasun beldurgarria agertu baitu Txapeldunen Ligan eta Bundesligan bertan. Taldekako fasea lider amaitu zuen, Arsenalek bakarrik sortu zion estualdi txiki bat final-zortzirenetan, baina bost minutu eskas iraun zion sufrimenduak Heynckesen taldeari. Final-laurdenetan Juventus jipoitu zuen eta Bartzelona lotsagarri utzi zuen finalerdietan.

Aurtengo Txapeldunen Ligan, Heynckesen gizonek 29 gol egin eta 10 bakarrik jaso dituzte. Are gehiago, birritan bakarrik atera dira galtzaile. Txapeldunen estatistika da Munichekoena. Iaz ere finaleera iritsi ziren, baina Chelsea nagusitu zitzaien Munichen bertan. Ondorioz, taldearen kalitateari iazko porrotak eragindako mina sendatzeko nahia gehitu behar zaio. Garaipenak bakarrik senda dezakeen mina da hori.

Borussia, aurtengo ezustekoa

Borussia, aldiz, aurtengo lehiaketako ezusteko nagusia izan da. Jüergen Kloppen taldek denboraldi bikaina egin du, borobila: boladan dira eta 12 partidetatik bakarra galdu dute Europan. Ajax, Manchester City eta Real Madril izan dira Dortmundekoen biktimak. Merezita kaleratu dituzte aurkari guztiak. Eta erraz.

Beraz, larunbatekoa gau magikoa izango da Wembleyn; punta-puntako bi talde aurrez aurre, euren sasoirik onenean. Txapeldunen Ligako final handia, alegia.