Txapeldunen Liga
Borussia Dortmund finalera
Borussia Dortmundek finaletik kanpo utzi du Real Madril
Erredakzioa
Borusia Dortmund da Txapeldunen Ligako finalerako lehen sailkatua. Mourinhoren taldeak 2 eta 0 irabazi arren ezin izan dio kanporaketari buelta eman.
-
Cristiano Ronaldo, finaleko txartela galdu ondoren. Argazkia: EFE.
Kanporaketari buelta ematen saiatu zen arren, Real Madrilek finalerdietan agur esan zion Txapeldunen Ligari, hirugarren urtez jarraian. Golak behar zituzten zuriek eta erritmo bizia ezarri zioten neurketari. Higuainek, Cristiano Ronaldok eta Özilek aukera apartak izan zituzten, baina urduritasuna nabaria zen, eta burua hotz izatea falta izan zitzaien jokaldia amaitzeko orduan.
Alemaniarrek jokoa kontrolatu zuten, eta Real Madrilen erasoaldiei aurre egin zieten. Di Mariaren eta Cristiano Ronaldoren saiakerak ez ziren ate barruan sartu. Kloppen gizonak bere zelaian gotortu ziren Wembleirako bide goxoa dastatzeko helburuarekin.
Bigarren zatian ez zen aldaketa nabarmenik egon. Mourinhok aldaketa bikoitza egin zuen, hiruko defentsa eratu eta erdiko gunea indartu zuen Kakarekin eta Benzemarekin. Baina minutuak aurrera zihoazen eta talde zuriak ez zuen amesteko aukerarik sumatzen. Zale zurien ahotsak isildu eta alemaniarren kantuak gero eta ozenagoak ziren.
Neurketa bukatzeko hamar minutu falta zirenean Özilek eta Benzemak jokaldi bikaina egin zuten lehen gola sartuz. Ondoren, Sergio Ramosek, area barrutik, Benzemak lagatako baloia ate barruan sartu zuen. Gol bat nahikoa zen Real Madril finalera hurbiltzeko, baina ez zen heldu. Borussiak golik sartu gabe finalerako txartela eskuratu zuen.
Talde alemaniarrak bere bigarren finala jokatuko du Txapeldunen Ligan.
Fitxa teknikoa
2 - Real Madril: Diego Lopez; Essien, Varane, Sergio Ramos, Coentrao (Kaka, 57. m.); Xabi Alonso (Khedira, 68. m.), Modric; Di Maria, Özil, Cristiano Ronaldo; eta Higuain (Benzema, 57. m.).
0 - Borussia Dortmund: Weidenfeller; Piszczek, Subotic, Hummels, Schmelzer; Bender, Gündogan; Blaszczykowski (Santana, 90. m.), Götze (Grosskreutz, 14. m.), Reus; eta Lewandowski (Kehl, 87. m.).
Golak: 1-0, 82. minutua: Benzema. 2-0, 89. minutua: Sergio Ramos.
Epaileak: Howard Webb (ING). Txartelak: Coentrao (26), Higuaín (42), Ramos (79), Khedira (81); eta Gundogan (43), Bender (45).