Txapeldunen Liga
Final-laurdenak
Barça eta Bayern finalerdietan dira PSG eta Juventus kanporatu ostean
Erredakzioa
Bi taldeak Real Madril eta Borussia Dortmundekin batera izango dira finalerdietan. Norgehiagokak zehazteko zozketa ostiralean egingo dute, Suitzan.
-
Bartzelonako jokalariak, Pedroren gola ospatzen. Efe.
Bartzelonak aurreikusitakoa baino gehiago sufritu zuen Txapeldunen Ligako finalerdietarako txartela lortzeko. Seigarren urtez jarraian izango dira finalerdietan Tito Vilanovaren gizonak.
Bartzelona ez zen fin ibili eta erdi min-hartuta dabilen Messiren bultzada behar izan zuen PSG kanporatzeko. Frantziarrek partida serioa jokatu zuten eta lehian aurrera egiteko merituak egin zituen.
Messik aulkian hasi zuen partida eta lehen 45 minutuetan Bartzelonak ez zuen behin ere Sirigu PSGko atezaina estualdian jarri. Gauzak horrela, lehen zatia 0-0eko markagailuarekin amaitu zen, baina lasaitasunak gutxi iraun zien Kataluniakoei: bigarren zatiko bosgarren minutuan, Pastorek gola egin zuen.
Bartzelona ezinean zebilen eta Vilanovak Messi zelairatu zuen amaierarako ordu erdi falta zela. Talde blaugranak gora egin zuen, nahiz eta aurrelari argentinarra makal ibili: jokoa gelditzen zen bakoitzean eskua eskumako izterrera ematen zuen.
Baina Messi jokalari handia da, erabakigarria, eta bere jokaldi baten ondorioz iritsi zen Bartzelonaren gola. Argentinarrak baloia Villari laga zion eta Villak Pedrori. Honek jaurtiketa indartsua egin eta banakoa ezarri zuen markagailuan. Bartzelona finalerdietan zen (1-1).
Juventus – Bayern: 0-2
Municheko Bayernek, berriz, ondo eutsi zion Juventusek kanporaketari buelta emateko nahiari eta finalerdietarako txartela lortu zuen italiarrei 0-2 irabazita. Alemaniarrek beste bi goletako abantaila zuten Munichen jokatutako partidan lortutako garaipenari esker.
Bayernek bi golak Mandzukicek (64. minutuan) eta Pizarrok (91. minutuan) egin zituzten.