Itxi

Txapeldunen Liga

Final-laurdenak

Madrilek garaipen erosoa lortu du eta Malagak, berriz, berdinketa

Erredakzioa

Mourinhoren gizonek eskura dute finalerdietarako txartela Galatasarayri 3 eta 0 gailenduta. Andaluziarrek, aldiz, ezin izan zuten Borussia Dortmund etxean mendean hartu.

  • Gonzalo Higuainek egin zuen madrildarren hirugarren gola. Efe.

    Gonzalo Higuainek egin zuen madrildarren hirugarren gola. Efe.

Real Madrilek gauzak erdi erabakita utzi ditu eta eskura dauka Txapeldunen Ligako finalderdietarako sailkapena. Madrildarrek 3 eta 0 irabazi zioten Galatasaray talde turkiarrari, eta kanporaketa oso alde dute.

Mourinhoren taldeak, hala ere, ez zuen neurketa borobila egin. Gol aukera garbiak alferrik galdu zituzten eta jokoan gorabehera asko izan zituzten.

Turkiarrek, bestalde, leku gehiegi utzi zioten Madrili futbol zelaian eta baloia sarri galdu zuten zurien presioaren ondorioz. Gauzak horrela, Cristiano Ronaldok, Benzemak eta Gonzalo Higuainek sartutako golek neurketa erabakita utzi zuten.

Malaga – Borussia Dortmund (0-0)

Malagak berdinketa baino ez zuen lortu Borussia Dortmund taldearen aurka etxean jokatutako partidan. Alemaniarrek gol aukera gehiago izan zituzten eta Willy Caballero atezain argentinarraren lan bikainak bakarrik galarazi zien gola sartzea.

Andaluziarrak jokoa kontrolpean izan zuten lehen minutuetan, baina Borussia ez zen atzean geratu. Lewandoskik eta Mario Gotzek buruko min bat baino gehiago sortu zion Malagari, baina azken metroetan ez zuten asmatu.

Bi taldeek izan zituzten aukerak, baina kontrola alemaniarrena zen, Malagarrei estualdi asko sortzeko gai izan ez baziren ere. Azkenean, 0 eta 0; kanporaketa Alemanian erabakiko da.