Txapeldunen Liga
Final-zortzirenak
Barçak hondoa jo du Milanen, eta Schalke bizirik atera da Turkiatik
Erredakzioa
Bartzelonak urteko neurketa jokatu beharko du Camp Noun, Italian jasotako porrota (2-0) irauli ahal izateko. Schalkek emaitza ona lortu du (1-1) Galatasarayren futbol-zelaian.
-
Messi kopetilun Milanen aurka galdu ostean. EFE
FC Bartzelonak urteko partida jokatu beharko du Camp Noun, Milanen 2-0 galdu ostean, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko neurketan. Blaugranek ez zuten ohiko arriskurik sortu eta Milan sendo batek gainditu zituen. Bigarren zatian bi golak sartu zituzten italiarrek.
Horrela, blaugranak golik egin gabe itzuli dira Bartzelonara. Ondorioz, itzuliko norgehiagoka oso zaila izango da. Duela bi urte Interren aurka gertatu bezala, Milanen aurreneko gola oso polemikoa izan zen. Zapatak baloia eskuekin ukitu zuen Boatengek gola sartu baino lehen.
Bartzelona zen faborito argia, baina Milanek petrolioa atera zuen bi jokalditan.
Fitxa teknikoa:
Milan: Abbiati; Abate, Mexes, Zapata, Constant; Montolivo, Ambrosini, Muntari; Boateng, Pazzini (Niang, 75. minutua) eta El Shaarawy (Traore, 87. minutua).
Bartzelona: Victor Valdes; Alves, Pique, Puyol (Mascherano, 88. minutua), Alba; Xavi, Busquets, Fabregas (Alexis, 62. minutua); Iniesta, Messi eta Pedro.
Golak: 1-0, 57. minutua: Boateng. 2-0, 81. minutua: Muntari.
Bestalde, Schalkek emaitza ona lortu du Turkian. Alemaniako taldeak berdinketa (1-1) lortu du. Yilmazek etxeko taldea markagailuan aurretik jarri zuen 12. minutuan, baina Jonesek atsedenaldia baino lehen berdinketaren gola sartu zuen.
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako kanporaketa parekatuenean, Alemaniako taldea onena izan zen aurreneko zatian, eta Ali Sami Yen futbol-zelai zailetik emaitza positiboa atera zuen.
Fitxa teknikoa:
Galatasaray: Muslera, Sabri Sarioglu (Umut Bulut, 83. minutua), Kaya, Nounkeu, Riera; Altintop (Eboue, 66. minutua), Melo, Seluk Inan, Sneijder (Amrabat, 46. minutua), Yilmaz eta Drogba.
Schalke 04: Hildebrand; Hoeger, Hoewedes, Matip, Kolasinac; Draxler (Barnetta, 84. minutua), Jones, Neustaedter, Bastos; Farfan eta Huntelaar (Pukki, 75. minutua).
Golak: 1 - 0, 12. minutua, Yilmaz. 1 - 1, 45. minutua, Jones.