Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak, joanekoak

Bayern eta Porto, final-laurdenetatik gertuago

Erredakzioa

Portugaleko taldeak Malaga ezagutezin bati irabazi zion (1-0), eta Bayern Munichek Arsenal zigortu zuen (1-3), Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidetan.

  • Joao Moutinho, Malagari egindako gola ospatzen. Argazkia: EFE.

    Joao Moutinho, Malagari egindako gola ospatzen. Argazkia: EFE.

Portok eta Bayern Munichek Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joanekoetan irabazi zuten, eta hurrengo faserako urrats garrantzitsua eman dute. Portok Malagari irabazi zion (1-0), eta Bayernek ia erabakita utzi zuen Arsenalen kontrako kanporaketa (1-3).

Joao Moutinhoren gol batek, 65. minutuan, Portok Malagari irabazteko balio izan zuen. Portugaleko taldeak Malaga baino hobeto jokatu zuen norgehiagokaren fase guztietan. Zelaiaren atzean aritu zen Andaluziako taldea, eta gutxitan ikusi zaion jokoa egin zuen.

Menuel Pellegriniren taldea estutzera heldu zen Porto, Malagaren joko lotsatiak lagunduta. Moutinhoren golaren ostean ere, Malaga setiatzen jarraitu zuten Vitor Pereiraren mutilek. Erasoko protagonismoa Portorena izan zen une oro, eta Malagara alde garrantzitsuarekin joango da, Espainiako taldea bizirik utzi duen arren.

Emirates Stadium zelaian jokatutako partidan, Bayern Munichek kanporaketa erabakita utzi zuen, joko antolatuari eta hiru goli esker. Kroos, Muller eta Podolski Alemaniako taldearen goleatzaileak izan ziren. Arsenal aurkariak utzitako hutsuneak aprobetxatzen saiatu zen, batez ere hasieran, baina lehenengoa oso azkar sartu zuen Toni Kroosek, 7. minutuan, eta Ingalaterrako taldearen adorea baretu zuen.

Bigarrena Mullerrek egin zuen, 21. minutuan, Arsenalen atezainaren eta defentsaren urrunketa trakets baten ostean. Londresko taldearen hasierako asmo onak etsipena bihurtu ziren, Mandzukicek gola sartu zuen arren, 71. minutuan (1-3). Baina ordurako, hiru goletako aldea zegoen markagailuan, eta kanporaketa Javi Martinezen taldearen alde erabakita zegoen.