Reala
EA Sports Liga
Realak Europarako jauzia egin du Las Palmasen (1-3)
G. P. A. | EITB Media
Imanol Alguacilen taldeak garaipen garrantzitsua lortu du etxetik kanpo, Europarako lehian sartuta segitzeko. Oyarzabalek, Sergio Gomezek eta Aramburuk sartu dituzte txuri-urdinen golak.
-
Sergio Gomez, Realaren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Reala 1-3 gailendu da Las Palmasen. Abenduan lortu zuen azken garaipena etxetik kanpo, eta gaurkoarekin, bi partida jarraian irabazi ditu EA Sports Ligan.
Europa Ligatik eta Errege Kopatik kanporatuta geratu ostean, talde txuri-urdinaren helburu nagusia datorren denboraldian Europan jokatzeko txartela eskuratzea da, eta horretarako ezinbestekoa zuen gaur Las Palmas menderatzea. Reala Europarako lehian bete-betean sartuta dago.
Norgehiagoka bizi-bizi hasi da. Lehendabiziko abisua Las Palmasek eman du, 2. minutuan. Realaren defentsak gaizki urrundutako baloia harrapatu du Fabio Silvak, eta Alex Remiroren aurrean bakar-bakarrik geratu da, baina atezain nafarrak sekulako geldiketa egin du, 1-0ekoa saihestuta.
Handik gutxira heldu da txuri-urdinen erantzuna. Barrenek jaurtiketa gogorra egin du area ertzetik, Horkasek baloia urrundu du, baina aldaratzea Oyarzabali iritsi zaio, eta kapitainak oina jartzearekin nahikoa izan du baloia sarera bidaltzeko: 0-1, 5. minutuan.
Imanolen mutilak ondo kokatu dira zelaian, eta arrisku handia eraman dute, batez ere, Barreneren hegaletik. Etxeko taldeak, berriz, partida berdintzeko aukera ezin hobea izan du McBurnieren eskutik, area barruan bakarrik sartu denean, baina Remiro, beste behin, bikain ibili da, eta baloia kendu dio, iskin egiten saiatu denean.
Bestalde, 22. minutuan, Zubeldiak min hartu du, eta aldagelarako bidea hartu behar izan du. Jon Martin zelairatu da haren ordez.
Lehen zatiaren azken tartean, Las Palmasek hobera egin du, eta Realak baloiaren jabetza galdu du zelaiaren erdian. Gol aukerak sortzen hasi dira, eta Fabio Silvak baloia langara bidali du 45. minutuan. Horrenbestez, Kanaria Handiko taldea partidan sartuta joan da atsedenaldira.
Realak behera egin du lehen zatiaren bukaeran, eta bigarren zatiaren hasiera antzekoa izan da. Las Palmas hobeto hasi da, eta berdinketaren bila joan da, baina Donostiako taldeak egin du gola, kontraerasoan aterata.
Barrenek ziztu bizian egin du aurrera, hegaletik, eta Sergio Gomezi pase bikaina eman dio, area txikian baloia sarera bultza zezan.
Realaren pozak, baina, ez du gehiegi iraun, bost minutu geroago 1 eta 2koa sartu baitu McBurniek, Fabio Silvaren jokaldi on bat baliatuta.
Neurketa ireki egin da, eta bi taldeak joan-etorrian ibili dira. Edozer gerta zitekeela ematen zuen, eta horrela izan da.
Las Palmasek gaizki defendatu du talde txuri-urdinak egindako alboko sake bat, eta orduan iritsi da Realaren hirugarrena. Aramburuk hartu du baloia, arean sartu da eta horren jaurtiketa Horkasen ate barrura joan da.
Diego Martinezen taldeak, edonola ere, ez du amore eman, eta aurreraka segitu du; Realak, ostera, arrisku handia sortu du kontraerasoan, Las Palmasek atzean utzitako zuloak aprobetxatuta.
Hain justu ere, horrelako jokaldi batean, partidaren azken txanpan, Take Kubok laugarrena sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpokoa adierazita.
Realak ondo kudeatu ditu azken minutuak, eta partidako azken jokaldian Oskarssonek aukera paregabea izan du 1 eta 4koa egiteko. Hortxe bukatu da norgehiagoka.
Hiru puntu garrantzitsu lortu ditu Imanolen taldeak etxetik kanpo, datorren denboraldian Europan jokatzeko aukera ematen duten postuetako bat eskuratzeko lehian jarraitu ahal izateko. Las Palmas, berriz, gehiago hondoratu da sailkapenaren zuloan.
FITXA TEKNIKOA
1 - Las Palmas: Horkas; Viti, Herzog (Januzaj, 71. min), McKenna, Mika Marmol; Sandro (Marvin Park, 63. min), Essugo (Campaña, 71. min), Javi Muñoz (Marc Cardona, 80. min), Moleiro (Manu Fuster, 80. min); Fabio Silva eta McBurnie.
3 - Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia (Martin, 24. min), Aritz Elustondo, Javi Lopez (Aihen, 46. min); Zubimendi; Sergio Gomez, Olasagasti (Sucic, 83. min), Marin, Barrenetxea (Take, 63. min); eta Oyarzabal (Oskarsson, 63. min).
Golak: 0-1, 5. min: Oyarzabal. 0-2, 56. min: Sergio Gomez. 1-2, 60. min: McBurnie. 1-3, 68. min: Aramburu.
Epailea: Miguel Angel Ortiz Arias. Txartel horia atera die Realeko Javi Lopezi eta Martini.