Itxi

Reala

2-2, Anoetan

Realak agur esan dio Errege Kopari

Erredakzioa

Donostiako taldeak ezin izan du Kordoba gainditu (2-2), eta Bigarren Mailako taldeak Errege Kopatik kanpo utzi ditu txuri-urdinak.

Realak Errege Kopari agur esan behar izan dio, final-hamaseirenetan Kordobaren aurka kanporatuta gelditu ostean. Montanierren mutilek Arcangelen 2-0 galdu zuten joanekoan, eta Anoetako emaitza 2-2koa izan da. Bigarren Mailako taldea txuri-urdinena baino gehiago izan da bi neurketatan, eta Realak ligan jarri beharko du arreta osoa.

Kordobak erasoan gogor sakatu du aurreneko minututik, eta Montanierren mutilak ez dira eroso egon Anoetako berdegunean. Hala ere, lehenengo ztaiko abagune onenak Realak izan ditu, baina Mikel Saizar atezainak gelditu erabakigarriak egin ditu. Griezmannek eta Agirretxek 0-0ekoa aldatzeko bi aukera izan dituzte, baina Kordobako atezainak sendo erantzun du.

Lehenengo zatiko 20. minutuan txuri-urdinek 1-0ekoa eskuratu dute. Antoine Griezmannek ederki gainditu du Saizar, eta Philippe Montanierren mutilek kanporaketa iraultzea gertuago ikusi dute.

Imanol Agirretxek bigarrena lortzeko abagune argia izan du (30. minutua), baina usurbildarraren errematea kanpora joan da. Griezmannek ere beste gol bat eskuratzeko aukera polita izan du, baina bere saiakera langa gainetik kanpora joan da. Atsedenaldia heldu aurretik Chory Castrok abagune oso argia izan du, eta Saizarrek baloia ederki desbideratu du.

Bigarren zatiko aurreneko minutuetan erasoan asko sakatu du Realak, baina abaguneak ez dira lehenengo zatikoak bezain argiak izan. Ruben Pardok urruneko saiakera egin du, 55. minutuan, baina Mikel Saizarrek baloia kornerrera bidali du. Kordobak ere aukera ederra izan du atsedenaldiaren ostean, baina Zubikaraik gelditu ikusgarria egin du, eta Dubarbierren jaurtiketa ondo desbideratu du.

Kordobak berdinketaren gola eskuratu du, 65. minutuan. Hegaleko falta bat Kiko Olivasek bikain errematatu du, eta baloia sareetara joan da (1-1). Realari kanporaketa oso aldapa gora jarri zaio, eta Bergerren taldeak 1-2koa lortu du, 71. minutuan. Norgehiagokako azkeneko mintuetan Agirretxek txuri-urdinen bigarren gola lortu du (2-2), baina Gipuzkoako taldea Errege Kopatik at gelditu da.

- Fitxa teknikoa:

2 - Reala: Zubikarai; Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Jose Angel; Illarramendi (Ifran, 68. minutua), Ruben Pardo, Zurutuza (Xabi Prieto, 49. minutua); Griezmann (Vela, 77. minutua), Chory Castro eta Agirretxe.

2 - Kordoba: Saizar; Fuentes, Gaspar, Fernandez, Kiko; Lopez Garay, Caballero (Alberto, 75. minutua); Dubarbier; Lopez Silva (Cristian, 68. minutua), Patiño (Vico, 80. minutua) eta Abel.

Golak: 1-0, 20. minutua: Griezmann. 1-1, 65. minutua: Kiko. 1-2, 72. minutua: Dubarbier. 2-2, 84. minutua: Agirretxe.