Itxi

Reala

Liga BBVA (9. jardunaldia)

Reala, Athletic eta Osasuna, jaitsiera postuei begira

Erredakzioa

BBVA Ligako hiru euskal ordezkariek ez diote ondo ekin denboraldiari. Txuri-urdinek hiru puntura dute jaitsiera, zuri-gorriek bakarrera, eta gorritxoak sailkapeneko azken postuan daude.

  • Griezmann, Aduriz eta Puñal. Argazkia: EFE

Realak, Athleticek eta Osasunak ez diote ondo ekin BBVA Ligako 2012-2013 denboraldiari, eta jaitsiera postuei begirada ezin kenduta dabiltza.

Denboraldi hasiera honetan, hiru euskal taldeetatik onena Reala da. Txuri-urdinek hamar puntu dituzte, eta hiru puntu ateratzen dizkio Realak jaitsiera postuan dagoen Deportivori. Talde gipuzkoarrak etxean jokatu zituen lehen hiru partidak irabazi zituen, baina Atletico Madrilen aurka galdu egin zuen Anoetan zuen ziurtasuna. Etxetik kanpora kaskar ari dira gipuzkoarrak, eta horrek eraman ditu egoera honetara. Realak Valladoliden aurka lortu du etxetik kanpo eskuratu duen puntu bakarra.

Athleticek puntu bakarrera du Deportivok betetzen duen jaitsiera postua. Zuri-gorriak denboraldi hasiera kaskarra egiten ari dira, eta ez da giro talde bizkaitarrean. Denboraldi hasierako polemikek egoera honetara eraman dute taldea. Athleticek dituen zortzi puntuetatik, zazpi eskuartu ditu San Mamesen, eta bakarra etxetik kanpora (Espanyolen aurka).

Egoerarik txarrena Osasunarena da. Talde gorritxoa BBVA Ligako azken sailkatua da, bost punturekin. Partida bakarra irabazi, eta bi berdindu ditu Osasunak orain arte. Bederatzi partidatik, sei galdu ditu talde nafarrak.

Euskal taldeen onerako, denboraldia hasi besterik ez da egin, eta oraindik egoerari buelta emateko garaiz dabiltza.