Reala
Errege Kopa
Realak emaitza ona lortzea du helburu Real Madrilen aurkako finalerdietako joaneko partidan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bi taldeak ligako azken partidak irabazita iritsiko dira hitzordu esanguratsu honetara, eta finalerako urratsa eman nahi dute. Norgehiagoka zuzenean ikusi ahal izango da, eitb.eus-en eta ETB1en, 21:30etik aurrera.
-
Reala-Real Madril
Realak Real Madrilen bisita jasoko du gaur gauean, Reale Arenan, Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan. EITBk zuzenean emango du neurketa, eitb.eus-en eta ETB1en, 21:30ean, eta aurretik, saio berezia egingo du, 21:05ean hasita. Itzulikoa apirilaren 1ean jokatuko dute, Santiago Bernabeun.
Donostiako taldeak Osasuna 2-0 mendean hartuta lortu zuen fase honetara heltzea; Ancelottiren gizonek, berriz, Leganesi luzapenean 2-3 irabazi eta gero egin zuten aurrera. Kanporaketa bideratzen saiatuko dira gaur, apirilaren 26an Sevillan jokatuko den finalerako txartela eskuratzeko.
2019/2020 denboraldian lehiatu ziren elkarren kontra azkenekoz txapelketa honetan. Orduan, Realak talde merengea kanporatu zuen final laurdenetan, Santiago Bernabeun 3-4 garaitu baitzuen. Txuri-urdinek irabazi zuten Errege Kopa edizio hartan, finalean Athletic menderatuta.
Gaur gaueko hitzordurako, Imanol Alguacilek ezingo du Arsen Zakharian zelairatu, Leganesen kontrako partidan eskuin muskulu zuzen femoralean min hartu zuelako. Aitzitik, deialdian sartu dira Luka Sucic jokalari kroaziarra eta Nayef Aguerd atzelaria. Era berean, hilabetez lesionatuta egon eta gero, jokatzeko moduan da Hamari Traore.
Real Madrili dagokionez, Valverde, Mbappe eta Courtois ez dira Anoetan izango. Bestelakoan, gainerako jokalariak prest izango ditu gaurko hitzordurako.