Itxi

Reala

Europa Liga

Realak PAOK menderatu (2-0) eta AZ Alkmaarren edo Midtjyllanden aurka jokatuko du play-offa, itzulikoa etxean

EITB MEDIA

Orri Oskarssonek sartu ditu Realaren bi golak, PAOKen kontra, eta, hala, euskal taldeak, Europa Ligako liga fasea hamahirugarren postuan amaituta, AZ Alkmaar edo Midtjylland izango du aurkari; zozketa ostiralean egingo dute, eta play-offean final zortzirenetarako sailkatzea izango da jokoan.

  • Orri Oskarssonek sartu ditu Realaren bi golak, PAOKen aurka. Argazkia: EFE.

    Orri Oskarssonek sartu ditu Realaren bi golak, PAOKen aurka. Argazkia: EFE.

Realak PAOK Salonika mendean hartu du, 2-0, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako zortzigarren eta azken jardunaldian, Reale Arenan, ostegun gauean. Hala, talde txuri-urdinak AZ Alkmaarren edo Midtjyllanden aurka aurka jokatuko du txapelketako play-offa, eta kanporaketako itzuliko partida Donostian izango da. Realak ostiralean jakingo du zein izango den aurkaria, zozketa egingo baitute; kanporaketan, final zortzirenetarako sailkatzea izango da jokoan, eta otsailaren 13an eta 20an jokatuko dute.

Imanolek Unai Marrero jarri du atepean, Alvaro Odriozola izan da atzealdeko eskuin hegalean, eta Pablo Marin titular atera da zelai erdian; guztira, Getaferen aurka hasieratik irten zen hamaikakoarekin alderatuta, zortzi jokalari berri zelairatu ditu entrenatzaile oriotarrak. Marrerok geldiketa bikaina egin du laugarren minutuan, Camara haren aurrean geratu denean, bakarrik; ezin hobeto arituta, atezainak saihestu egin du gola. PAOK hasi da hobeto neurketa, eta erasoan arriskua sortzen ari zen.

15. minutuaren bueltan, Realak, minutu batzuetan zehar, zelai erdia hartu du, PAOK azkar irteten zen arren. Beckerrek gogor jaurti du euskal taldearen lehenengo gol aukeran, baina Kotarski atezainak kornerrera bidali du baloia. Greziako taldea, baina, ondo ari zen baloia mugitzen, eta ematen zuen txuri-urdinak baino erosoago zebilela, aurreneko zatian.

Atsedenaldia oso gertu zegoela, Realak erasoko jokaldi luzea eginda, Beckerrek eskuinaldean jaso du baloia, oso ondo erdiratu du area txikira, eta Orri Oskarssonek, burukada eder batez, 1-0ekoa sartu du. Luzapenean, aurrelari islandiarrak ederki borrokatutako jokaldi batean, Oskarssonek berak berriro ere bidali du baloia sareetara, baina epaileak, VARak ohartarazita, baliogabetu du gola, ebatzi duelako baloia goleko marratik kanpo irten dela, jokaldian.

Lehen zatian txartel horia ikusi duen Alvaro Odriozolaren ordez, Jon Martin irten da atsedenaldiaren ostean. Egia esan, Realak ezin hobeto ekin dio bigarren zatiari: 48. minutuan, Aritz Elustondok eskuinaldetik egindako erdiraketa polit baten ostean, Oskarssonek, berriro buruz, gola lortu du, euskal taldearen bigarrena.

Erdiko aurrelariari esker, Reala, ia jarraian, 3-0ekoa sartzetik oso hurbil izan da; lehen golaren jokaldiaren oso antzekoa izan da errematea, baina baloiak langa jo du. Imanolen gizonak gero eta gusturago zebiltzan Reale Arenako berdegunean, eta zaleak, harmailetan, gozatzen ari ziren.

Beckerrek aukera oso ona izan du, eta Marrerok PAOKen gola saihestu du, jokaldi batzuetan; atezainak partida oso ona jokatu du. Ez da beste golik izan, eta Realak garaipena bereganatu du; play-offeko kanporaketan, itzuliko neurketa Donostian izango da, eta txuri-urdinak abantaila hori baliatzen saiatuko dira. Zozketa, arestian esan bezala, ostiralean egingo dute.

Fitxa teknikoa

2 - Reala: Marrero; Odriozola (Jon Martin, 46. min), Aritz, Aguerd, Sergio Gomez (Javi Lopez, 80. min); Zubimendi (Olasagasti, 64. min), Marin, Brais Mendez; Becker, Oskarsson (Oyarzabal, 74. min) eta Barrenetxea (Kubo, 74. min).

0 - PAOK: Kotarski; Jonny Otto, Kedziora, Michailidis, Baba; Ozdoev (Kostantelias, 64. min), Schwab, Camara; Despodov (Shoretire, 71. min), Thomas (Chalov, 71. min) eta Taison.

Golak: 1-0, 43. min: Oskarsson; 2-0, 48. min: Oskarsson.

Epailea: John Beaton (Eskozia). Realeko Odriozola eta Olasagasti eta PAOKeko Ozdoev eta Thomas zigortu ditu, txartel horia aterata.

Nabarmentzekoa: 23.872 zale izan dira, Reale Arenan.