Itxi

Reala

Errege Kopa

Realak aurrera egin du, Ponferradina menderatuta (0-2)

G. P. A. | EITB MEDIA

Realaren golak Mikel Oyarzabalek eta Brais Mendezek sartu dituzte, bigarren zatian, Ponferradinak defentsan egindako bi akats baliatuta. Leongo taldeak ondo jokatu du, eta txuri-urdinek uste baino gehiago sufritu dute.

3:57
Take Kubo eta Mikel Oyarzabal

Realak 0-2 irabazi dio Ponferradinari, eta, horrenbestez, Errege Kopako final-zortzirenetan izango da. Imanol Alguacilen taldea, oro har, nagusi izan da; hala ere, uste baino gehiago kostatu zaio aurkaria menderatzea, Leongo taldeak aurpegia eman baitu azkeneraino.

Realak indartsu ekin dio neurketari, seriotasunez eta bizitasunez jokatuz, kanporaketa ahalik eta azkarren bideratu nahian, baina aurkariaren ate inguruan arrisku handirik sortu gabe.

Lehendabiziko aukera garbiena Olasagastik izan du. Oskarssonekin jokaldi polita eginda, area txikian sartu da, ezin izan du ondo errematatu, eta Angel atezainak baloia gelditu du. Hurrengo jokaldian bigarren abagunea izan arren, erdilari donostiarraren zartakoa kanpora joan da, langa ondo-ondotik.

Minutuak igaro diren heinean, Ponferradinak gainetik kendu du presioa, eta Realaren zelaian azkar jokatzeko ahalmena erakutsi du. Mula eta Ernesto izan dira etxekoen jokalari arriskutsuenak, azkeneko metroetan fin ibili ez diren arren.

Lehen zatian, baloiaren jabetza Realaren izan da. Nagusitasun hori, ordea, ez dute baliatu, eta Ponferradina hazita joan da atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, bi taldeak elkarri mokoka aritu dira, eta bi ateetan izan dira jokaldi arriskutsuak. Alabaina, partida inoiz baino irekiago zegoenean iritsi da Realaren lehenengo gola. Oyarzabalek sartu du 0-1ekoa, Ponferradinak atzean egindako akats bat baliatuta.

Realak zailena egin du: aldapa gora jartzen ari zitzaion neurketan aurrea hartzea. Gol horrek lasaitasuna eman dio Donostiako taldeari; Ponferradinari, berriz, zalantzak eragin dizkio, eta El Toralin estadioko zaleak apaldu egin dira.  

Hamabost minutu geroago egin du Realak bigarrena, Leongo taldearen beste huts bat aprobetxatuta. Oyarzabalek hartu du Douek galdutako baloia, eta pase bikaina eman dio Braisi. Galiziako jokalariak ez du barkatu Angelen aurrean.

Edonola ere, Ponferradinak ez du amore eman, eta azken unera arte saiatu da aldea murrizten. Horrela, Brais Abelendak eta Makel Lozanok zenbait aukera izan dituzte neurketaren azken txanpan.

Azkenean, baina, ez da golik izan, eta Realak kanporaketa gainditu du, emaitzak erakusten duena baino zailtasun handiagoarekin izan bada ere.

FITXA TEKNIKOA

0 - Ponferradina: Angel Jimenez; Jorrin (Carrique, 75. min), Lancho (Borja Fernandez, 70. min), Ger Novoa, Andoni; Ernesto (Yeray, 63. min), Doue, Markel Lozano, Alex Mula (Bustos, 63. min); Borja Valle (Abelenda, 63. min) eta Cortes.

2 - Real Sociedad: Marrero; Aramburu, Zubeldia, Pacheco, Javi Lopez (Aihen, 81. min); Brais Mendez (Marin, 75. min), Turrientes, Olasagasti (Sucic, 46. min); Sergio Gomez (Barrenetxea, 70. min), Oskarsson (Kubo, 46. min) eta Oyarzabal.

Golak: 0-1, 54. min: Oyarzabal. 0-2, 69. min: Brais.

Epailea: Jesus Gil Manzano. Txartel hori atera dio Ponferradinako Lanchori.