Reala
EA Sports Liga
Reala eta Las Palmas ez dira sortutako aukerak aprobetxatzeko gai izan (0-0)
L. E. A. | EITB MEDIA
Donostiako taldeak eta Kanarietakoak puntu bana lortu dute, hainbat aukera izan dituen neurketan.
-
Mikel Oyarzabalek partidako aukerarik argiena izan du. Argazkia: Efe.
Realak eta Las Palmasek hutsean berdindu dute Reale Arenan jokatutako EA Sports Ligako 17. jardunaldiko partida.
Imanolen taldeak erasoari ekin dio hasieratik, eta 6. minutuan Zubimendik taldea aurreratzeko aukera paregabea izan du, baina horren ezkerkada kanpora joan da gutxigatik.
Kanarietako taldearen erantzuna 12. minutuan iritsi da. Zubimendik huts handia egin du pasean, eta baloia Matari iritsi zaio, baina aurrelariaren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Remirok. Hortik aurrera, Diego Martinezen taldeak aurrerapausoa eman du, eta txuri-urdinak estu eta larri ibili dira.
16. minutuan, beste aukera argi bat izan du talde horiak. Moleiro bakar-bakarrik geratu da Remiroren aurrean, eta etxeko taldearen atezaina bikain aritu da baloia desbideratzeko, bisitariak gola ospatzeko prest zeudenean.
Las Palmas erraz iristen ari zen Realaren areara: minutu gutxi batzuetan, lau korner eta bi aukera oso argi izan dituzte.
25. minutuan iritsi da lehen zatiko aukerarik argiena. Sergio Gomezen erdiraketa Mikel Oyarzabalek jaso du, Las Palmaseko atzelarien huts galanta aprobetxatuta, baina eibartarraren jaurtiketak langan jo du, atearen aurrean bakar-bakarrik zegoenean.
27.ean, beste aukera bat izan dute Imanolen jokalariek, baina Sergio Gomezek gehiegi gurutzatu du jaurtiketa.
Ezer gutxi gehiago gertatu da lehen zatian, eta golik gabe joan dira jokalariak aldageletara.
Bigarren zatian, beste aukera argi bat izan du Las Palmasek, baina Sandroren jaurkiketak langa jo du.
Barreneren aukerak
Barrenek aukera bikoitza izan du 67. eta 70. minutuetan, ondoriorik gabe.
77.ean, Sergio Gomezen jaurtiketa ondo aldaratu du Cillessen atezainak.
Azken minutuetan, bi taldeek saiakerak egin dituzte erasoan, baina markagailua ez da mugitu. Huts eta huts, puntu bana Reala eta Las Palmasentzat.