Itxi

Reala

Errege Kopa

Realak Jove Español jipoitu du Kopako atzeratutako partidan (0-5)

I. G. | EITB MEDIA

Barrenetxeak, birritan, Sergio Gomezek, Magunazelaiak eta Gotik egin dituzte golak txapelketan aurrera egiteko.

  • Realeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE.

    Realeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE.

Realak 0-5 irabazi du Jove Españolen aurka ostegun honetan San Vicenten jokatu den Errege Kopako lehen jardunaldiko partida atzeratuan.

Txuri-urdinek lasai hartu dute partida hasiera, berritasunez betetako hamaikakoarekin, baloiaren jabetza edukita eta pixkanaka aurrera eginez, Valentziako taldea defentsiban oinarrituta zegoelarik. Horrela, lehen gol aukerak berehala iritsi dira. Magunazelaiak eta Barrenetxeak gol aukera garbiak izan dituzte, baina etxeko atezainak bikain jardun du aurrez aurrekoak gelditzeko.

Baina hirugarrenean gola heldu da. Pachecok pase sakona eman dio Barrenetxeari, lehenengoa nahi bezala sar zezan (0-1). Aurkariari erreakzionatzeko denborarik eman gabe, jokalari donostiarrak gola sartu du hiru minutura, partida bideratuta utziz (0-2).

Reala ez da emaitzarekin konformatu eta nagusi izaten jarraitu du markagailua handitzeko asmoarekin. Jove, berriz, arriskua sortzen saiatu da, baina ez du lortu.

Atsedenaldiaren aurreko azken minutuetan, Sergio Gomezek eta Magunazelaiak ere gola sartzea lortu dute euskal taldearen jokaldi on batzuen ostean (0-4).

Bigarren zatian, Realak erritmoa jaitsi du eta minutuak eman dizkie harrobiko jokalari batzuei. Baloiaren jabetza izaten eta aurkariaren areara hurbiltzen jarraitu du, baina hasieran baino gose gutxiagorekin. Valentziarrak, bestalde, baloi luzeekin eta kontraerasoan erasotzen saiatu dira, baina euren erasoek ez dute eraginik izan.

Amaierarako hamar minuturen faltan, Olasagastik banakako jokaldi ikusgarria egin du, hiru defendatza saihestuz eta Gotiri bosgarren gola sartzeko baloia emanez (0-5).

Horrela itxi da partida. Joveren benetako aukera bakarra kontraeraso azkar bat izan da azken minutuan, Montejoren jaurtiketa batekin amaitu dena, baina jaurtiketa leunegia atera zaio.

Fitxa teknikoa:

0 – Jove Español: David Bernabeu, Adam, Jose Garcia (Monty, 63. min), Cartagena (Alvaro, 63. min), Javi Salero, Dante, Borja, Alejandro (Lara, 73. min), Samy, Alex (Juan Fernandez, 63. min) eta Juan Vega (Marco, 46. min).

5 – Reala: Marrero, Odriozola, Pacheco, Beitia (Iñaki Ruperez, 84. min), González de Zarate, Olasagasti, Marin (Mariezkurrena, 62. min), Balda (Mikel Goti, 67. min), Sergio Gómez (Turrientes, 46. min), Barrenetxea (Aihen Muñoz, 46. min) eta Magunazelaia.

Golak: 0-1, 11. min: Barrenetxea. 0-2, 15. min: Barrenetxea: 15. 0-3, 39. min: Sergio Gomez. 0-4, 44. min: Magunazelaia. 0-5, 78. min: Mikel Goti.

Epailea: Alejandro Quintero Gonzalez. Txartelik gabe.