Reala
Errege Kopa
Realak helegitea aurkeztu du, Jove Españolen aurkako kanporaketa hilaren 21ean ez jokatzeko
EITB MEDIA
Errekurtsoan, Gipuzkoako klubak eskatzen du bertan behera uztea Jove Español-Reala Kopako kanporaketa azaroaren 21ean jokatuko dela zehaztu duen ebazpena, eta partida horretarako azaroaren 27a baino lehenagoko beste data bat ezartzea.
-
Realak errekurtsoa aurkeztu du, Kopako partida ez jokatzeko azaroaren 21ean. Argazkia: EFE.
Realak errekurtsoa aurkeztu du, astelehenean, 2024-25 denboraldiko Errege Kopako lehenengo kanporaketan Jove Españolen aurka jokatu beharreko partida azaroaren 21ean, 21:00etan, jokatuko dela zehaztu duen ebazpena bertan behera uzteko, eta, halaber, kanporaketa horretarako beste data eta ordutegi bat ezartzeko. Hain zuzen ere, aurreko ostiralean, Espainiako Futbol Federazioko Lehiaketa Ez Profesionalen Epaile Bakarrak adierazitako eguna eta ordua ezarri zituen, ebazpenean, urriaren 31n goialdeko borraska dela eta atzeratutako kanporaketa joka dezaten.
Hala, euskal klubak Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Profesional eta Ez Profesionaletarako Bigarren Auzialdiko Batzorde Nazionalaren aurrean aurkeztu du helegitea. Reala ez dago ados datarekin; izan ere, kluben arteko txapelketak eten egin dira orain, selekzioen arteko partida jokatuko dituztelako, eta Realak 14 jokalari ditu hainbat selekziok deituta. Kontuan hartu beharrekoa da, halaber, hilaren 24an Athletic-Reala derbia jokatuko dutela San Mamesen, EA Sports Ligan.
Realaren proposamena zen Kopako partida azaroaren 23 eta 24ko asteburuan jokatzea, eta euskal derbia abenduaren 18rako atzeratzea, baina tartean dauden aldeak ez ziren ados jarri. Txapelketaren etenaldiaren ostean, Realak, Ligan, Athleticen aurka jokatuko du, azaroaren 24an, eta azaroaren 28an, Europa Ligan, Reale Arenan, Ajax jasoko du. Hurrengo asterako dago aurreikusita Errege Kopako bigarren kanporaketa.