Itxi

Reala

EA SPORTS LIGA

Konfiantza berreskuratzeko garaipena lortu du Realak Sevillan (0-2)

G. P. A. | EITB MEDIA

Reala nagusi izan da Ramon Sanchez Pizjuanen jokatutako partidan, eta hiru puntu garrantzitsu bereganatu ditu. Take Kubok eta Mikel Oyarzabalek sartu dituzte talde txuri-urdinak egindako golak.

  • Take Kubo, gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Take Kubo, gola ospatzen. Argazkia: EFE

Aurreko jardunaldian etxean Osasunaren aurka galdu eta gero, garaipen garrantzitsua lortu du gaur Realak Sevillan. Talde txuri-urdina, oro har, nagusi izan da, eta 0-2 gailendu zaio Garcia Pimientaren taldeari. Take Kubok eta Mikel Oyarzabalek sartu dituzte golak. Sevillak, berriz, ez du maila ona eman, eta zaleek txistuka agurtu dituzte jokalariak.

Realak ondo hasi du partida, eta berea izan da baloiaren jabetza lehen zatian. Atzean sendo egon da, eta erasoan ere saiatu da, Alvaro Fernandezen ate inguruan arrisku handirik sortu ez badu ere.   

Alabaina, 33. minutuan, Take Kubok sekulako gola sartu du, eta markagailuan aurretik jarri ditu txuri-urdinak. Aurrelari japoniarrak eskuineko hegaletik abiatu du jokaldia, area barruan sartu, eta baloia sarera bidali du, jaurtiketa bikaina eginda.

Atsedenaldia baino lehen, abantaila handitzeko bi aukera gehiago izan ditu Donostiako taldeak, baina Oyarzabalen errematea kornerrera bidali du Marcaok, eta minutu bat geroago kanpora joan da Sucicek egindako jaurtiketa bortitza.

Bigarren zatian, Sevillak aurrerapausoa eman eta oldarkorragoa izan da erasoan, berdinketa lortu nahian. Hala, Lukebakiok aukera garbia izan du, baina area barrutik egin duen jaurtiketa gora joan zaio.

Reala, baina, ez da kikildu, eta handik gutxira egin du bigarrena, penaltiz. Marcaok falta nabarmena egin dio area barruan Zubimendiri. Muñiz Ruizek ez du penaltia adierazi, baina jokaldia VAReko monitorean berrikusi ostean, txartel horia atera dio Marcaori, eta Oyarzabalek bikain bota du penaltia.

Azken txanpan, Realak baloia patxadaz mugitu du, arrisku handirik hartu gabe, baina. Hala ere, Sevillak gola egiteko eta partidan sartzeko aukera bi izan ditu: Isaacen burukada gora joan da eta Iheanachok kanpora bota du baloia, Remiro gainditu ostean.

FITXA TEKNIKOA

0 - Sevilla: Alvaro Fernandez; Carmona, Marcao (Sow, 73. min), Kike Salas, Pedrosa; Gudelj, Juanlu (Isra, 73. min), Lokonga (Peque, 80. min); Lukebakio, Idumbo (Jesus Navas, 25. min) eta Isaac (Iheanacho, 80. min).

2 - Real Sociedad: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Javi Lopez (Aihen, 93. min); Zubimendi, Brais Mendez (Olasagasti, 80. min), Sucic; Oyarzabal (Oskarsson, 80. min), Take Kubo (Becker, 80. min) eta Sergio Gomez (Magunazelaia, 90. min).

Golak: 0-1, 33. min: Take Kubo. 0-2, 68. min: Oyarzabal, penaltiz.

Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz. Txartel horia atera die Isaaci, Marcaori eta Sergio Gomezi.

Gertakariak: EA Sports Ligako 12. Jardunaldia. 37.619 ikusle izan dira Ramon Sanchez Pizjuan zelaian. Minutu bateko isilunea egin dute Valentziako hondamendiko biktimen oroimenez, baita Jose Gandul Sevillako kontseilari izandakoaren omenez ere.