Itxi

Reala

EA SPORTS LIGA

Osasunak merezitako garaipena bereganatu du Reale Arenan (0-2)

G. P. A. | EITB MEDIA

Reala izan da baloiaren jabe, baina erasoko jokoan galduta ibili dira txuri-urdinak. Osasunaren golak Torrok eta Budimirrek sartu dituzte, eta Bryan Zaragozak partida bikaina egin du.

  • Ante Budimir, Osasunaren bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Ante Budimir, Osasunaren bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak 0-2 irabazi dio Realari gaur gauean Reale Arenan jokatutako euskal derbian. Imanol Alguacilen taldea izan da baloiaren jabe, baina erasoko jokoan galduta ibili dira txuri-urdinak.

Gorritxoak, berriz, oso ondo aritu dira defentsan, eta eraginkor erasoan. Osasunaren golak Torrok eta Budimirrek sartu dituzte, eta Bryan Zaragozak partida bikaina egin du.

Realak hasieratik hartu du aginte-makila, eta baloia azkar mugitu du zelai erdian, baina ez du arrisku handirik sortu Sergio Herreraren ate inguruan, Osasunak jokalari asko pilatu baititu atzealdean.

Gorritxoen estrategia agerikoa izan da: defentsan sendo egon eta kontra-erasoan azkar atera. Hala, Bryan Zaragozak 8. minutuan eman du lehen abisua, baina Aramburu erne ibili da, eta area barruan errematatu aurretik kendu dio baloia.

Osasunaren lehen gola estrategiako jokaldi batean iritsi da, 22. minutuan. Bryan Zaragozak berak egin du erdiraketa eta Lucas Torrok buruz baloia sarera bidali du.

Bigarrena, berriz, hamar minutu geroago sartu du Budimerrek. Bryan Zaragoza, beste behin, azkar atera da kontra-erasoan, baloia Budimirri eman dio, eta horrek gol ederra sartu du.

Atsedenaldia baino lehen, berriro izan da protagonista Osasunako jokalari andaluziarra, area barruan erori baita, Arambururekin lehian. Epaileak penaltia adierazi du, baina VAReko epaileak ohartarazita, jokaldian monitorean berrikusi ostean, atzera egin du.  

Horrela amaitu da lehen zatia. Baloiaren jabetza Realarena izan da, baina golak Osasunak sartu ditu. Hortaz, partida malda gora jarri zaio talde txuri-urdinari.

Atsedenalditik bueltan, Imanol Alguacilen mutilak askoz hobeto aritu dira. Baloia azkar mugitzeaz gain, gol aukera gehiago sortu dute Sergio Herreraren ate inguruan. Take Kubo zelairatu berria izan da jokalaririk arriskutsuena, eta berak zuzendu du Realaren erasoko jokoa.

Sucicek eta Barrenetxeak ere izan dute aukera bana, baina atezain gorritxoak geldiketa bikainak egin ditu.   

Osasunak, ostera, jarrerari eutsi dio, eta hirugarrena sartzeko aukera izan du. Alabaina, oraingoan, Budimirrek ez du asmatu Remiroren aurrean, eta baloia kanpora bidali du, gutxigatik izan bada ere.

Denborak aurrera egin ahala, Reala indarra galduz joan da, eta Osasunak gero eta hurbilago izan du garaipena. Jokaldi polemikoa, berriz, 90. minutuan gertatu da. Aresok Brais Mendezi penaltia egin diola adierazi du epaileak, baina VAReko irudietan jokaladia berriro ikusi ondoren, erabakia zuzendu du. Hor amaitu zaio Realari miraria bilatzeko aukera.

Horrenbestez, Osasunak denboraldiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo, eta Realari azken jardunaldietako bolada ona amaitu zaio, etxean berriro galduta.

FITXA TEKNIKOA

0 - Reala: Remiro; Aramburu (Odriozola, 78. min.), Zubeldia, Aguerd, Sergio Gomez; Brais Mendez, Zubimendi, Sucic (Turrientes, 70. min.); Oyarzabal (Sadiq, 70. min.), Oskarsson (Kubo, 46. min.) eta Barrenetxea (Becker, 70. min.).

2 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Moi Gomez, 83. min); Ruben Peña (Bretones, 63. min.), Moncayola (Ibañez, 63. min.), Lucas Torro, Aimar Oroz; Budimir (Raul Garcia, 89. min.) eta Bryan Zaragoza (Vidal, 83. min.).

Golak: 0-1: Torro, 23. min.; 0-2: Budimir, 34. min.

Epailea: Juan Luis Pulido Santana. Txartel horia atera die Zubimendiri, Odriozolari, Brais Mendezi, Orozi, Herrerari, Zaragozari eta Bretonesi. Gainera, partidaren luzapenean, Vicente Moreno entrenatzailea kanporatu du.

Gertakariak: EA Sports Ligako 11. Jardunaldia. 31.729 ikusle izan dira Reale Arenan.