Itxi

Reala

Europa Liga

Realak ezin izan du punturik batu Anderlechten aurka, Reale Arenan (1-2)

EITB MEDIA

Talde txuri-urdina aurretik jarri da, bosgarren minutuan, Pablo Marinen bidez, baina Belgikako taldeak, 29. eta 40. minutuetan, Luis Vazquezek eta Leonik golak sartuta, markagailua irauli du. Realak, hala, Europa Ligan, bi partida jokatuta, puntu bat duela jarraitzen du.

  • Beñat Turrientes, Anderlechteko Stroeykensekin lehian, neurketako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Beñat Turrientes, Anderlechteko Stroeykensekin lehian, neurketako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Realak galdu egin du, 1-2, Anderlecht aurkari, Reale Arenan, Donostian, ostegunean, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko bigarren jardunaldian. Pablo Marinek, bosgarren minutuan, aurretik jarri du Reala, eta Luis Vazquezek eta Theo Leonik, 29. eta 40. minutuetan, Anderlechten golak sartu dituzte. Euskal taldeak, horrenbestez, Europa Ligan bi neurketa jokatuta, puntu batekin duela jarraitzen du.

Realaren hamaikakoan, larunbatean Valentziaren aurkako partidan hasieratik zelairatutako taldearekin alderatuta, hamar jokalari berri izan dira. Realak oso arin eman du lehenengo kolpea, bosgarren minutuan: orduan, Sadiqek presio ona egin du, Anderlecht baloiarekin ateratzen saiatzen ari zela, lapurtu egin du, eta erdiraketa bikaina jarri, bigarren zutoinera; bertan, Pablo Marinek, ezkerrez, lehen taldean sartu duen gola gauzatu du, eta Imanolen gizonak aurretik jarri ditu.

Realak ondo jokatu du lehen ordu erdian, baloia modu egokian mugituta eta presioan sendotasuna erakutsita. Sadiqek abagune ona izan du, 17. minutuan, 2-0ekoa egiteko, baina, 29.ean, Anderlechtek sartu du, banakoa. Erasoko jokaldi luze batean, Luis Vazquezek pase sakona jaso du, eta ondo jaurti, Remiroren aurrean. Jokaldian, zalantzagarria izan da ez ote dioten faltarik egin Sadiqi, zelai erdian, azken pasea eman baino lehen; Belgikako taldeak gola sartu aurretik, talde bisitariaren zale ultrak istiluak sortzen hasiak ziren, Reale Arenan zeuden harmailatik, behean zuten harmailara.

40. minutuan, Theo Leonik, areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikain baten bidez, 1-2koa sartu du. Anderlecht, bedinketaren ostean, hobeto zebilen; gainera, neurketa, minutu batzuetan, eten egin dute, Belgikatik iritsitako zale erradikalak sortzen ari ziren istiluengatik. Imanolen gizonak, norgehiagokako puntu horretan, ez zebiltzan batere eroso berdegunean; 45. minutuan, baina, kontraeraso azkar batean, Oskarssonek langara bota du, oso argia izan den jokaldi batean. Horrela amaitu da lehen zatia, Anderlecht aurretik zebilela. Bruselatik heldutako bi ultra atxilotu egin dituzte, aurreneko 45 minutuetan izandako istiluengatik.

Bigarren zatirako, Imanolek Aguerd, Barrene eta Kubo jarri ditu zelaian, Pachecoren, Sadiqen eta Odriozolaren ordez. Partidako lehen minutuetan bezala, Reala aurkaria itotzeko asmoz irten da, eta Oskarssonek eta Kubok gol aukera on bana izan dute. Gipuzkoako taldeak jokoaren kontrola hartu du, erabat, eta, bigarren zatian, hainbat aldiz Anderlechteko atearen ingurura. 67. minutuan, Braisek, buruz, Coosemansen eskuineko zutoinetik oso hurbil errematatu du buruz; Realak berdinketa nahi zuen, eta merezi zuen 2-2koa, indartsu eta ausart jokatzen ari baitzen. Aguerdek eta Kubok ere, azken horrek jokaldi batean baino gehiagotan, gola gauzatzeko aukerak izan dituzte.

Aurrerapena