Itxi

Reala

Europa Liga

Barrenek gol ederra sartu, Remirok penalti bat gelditu eta Realak puntu bat lortu du, Nizan (1-1)

EITB MEDIA

Ander Barrenetxeak, 18. minutuan, aurretik jarri du Reala; lehen zatiko azken minutuetan, Nizak banakoa egin du. Bigarren zatian, Alex Remirok penalti bat gelditu du. Donostiako taldeak merezita lortu du berdinketa, Europa Ligako aurreneko jardunaldian.

  • Ander Barrenetxeak gol oso polita sartu du Nizan. Argazkia: EFE.

    Ander Barrenetxeak gol oso polita sartu du Nizan. Argazkia: EFE.

Realak berdindu egin du Nizarekin, 1-1, Frantziako hiriko Allianz Riviera futbol zelaian, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko lehenengo jardunaldian, asteazken gauean. Ander Barrenetxeak sartu du Realaren gola, 0-1ekoa, 18. minutuan, eta Rosariok, 45.ean, banakoa egin du. 55. minutuan, Alex Remirok penalti bat gelditu du, eta hori ere izan da giltzarria euskal taldeak puntu ona lortzeko, denboraldi honetako nazioarteko txapelketaren hasieran.

Hasierako hamaikakoan, Brais zelairatu da, lesioa gaindituta, eta, besteak beste, Jon Martin eta Pablo Marin sartu ditu Imanolek. Reala ondo aritu da aurreneko zatian. Talde txuri-urdinari oso gutxi falta izan zaio atsedenaldira markagailuan aurretik joateko, baina, 45. minutuan, Pablo Rosariok berdindu egin du 18.enean Ander Barrenetxeak sartutako gola.

0-1eko jokaldian, Brais eta Barrene izan dira protagonistak; horiek izan dira, ziurrenik, lehenengo zatiko jokalaririk onenak. Realak ondo lapurtu du zelai erdian, eta Braisek area ertzeraino eraman du baloia, Barreneri eman dio, eta donostiarrak, eskuinkada bikain baten bidez, abantaila eman dio Realari. Barrenetxeak berak, pase sakon ederra eginda, abagune oso ona sortu dio Oyarzabali, baina Nizako atzelariek ez diote behar bezala errematatzen utzi kapitainari. Bazirudien Realak 0-1ekoari eutsiko ziola lehen zatia amaituta, baina, orduan, Rosariok, area barruan, aldaratze bat harrapatu eta jaurtiketa ona egin du, banakoaren gola lortuta.

Realeko jokalariak, Barrenek gol bikaina sartuta. Argazkia: EFE.

Realeko jokalariak, Barrenek gol bikaina sartuta. Argazkia: EFE.

Bigarren zatia hasi berritan, Pachecok, area barruan, Dante Nizako jokalariari heldu dio, elastikotik, eta epaileak, Krogh danimarkarrak, penaltia adierazi du; Guessandek hartu du jaurtitzeko ardura, baina Alex Remirok, geldiketa bikaina eginez, gola saihestu du. Frantziako taldeak kontrol handiagoa izan du, eta presio biziagoa egin; Imanolek sartutako aldaketen bidez, baina, Realak berriro ere orekatu egin du norgehiagoka, eta Aramburuk, 82. minutuan, kanpora jaurti du, aukera on batean.

Remirok erantzun oso egokia eman dio Ndayishimiyeri, azken horrek jaurtiketa ona eginda, neurketako azken txanpan. Reala sendo aritu da atzealdean Frantziako taldearen azken erasoetan, eta, azken finean, puntu ona eta baliotsua poltsikoratuta itzuliko da Euskal Herrira.

Fitxa teknikoa

1 - Niza: Bulka; Clauss, Ndayishimiye, Bombito, Dante, Bard; Rosario, Louchet (Ndombele, 68. min); Bouanani (Diop, 68. min), Moukoko (Orakpo, 74. min) eta Guessand.

1 - Reala: Remiro; Odriozola (Aramburu, 60. min), Martin, Zubeldia, Pacheco, Aihen (Javi Lopez, 60. min); Zubimendi, Marin, Brais Mendez (Sucic, 69. min); Oyarzabal (Oskarsson, 79. min) eta Barrenetxea (Becker, 60. min).

Golak: 0-1, 18. min: Barrenetxea; 1-1, 45. min: Rosario.

Epailea: Morten Krogh (Danimarka). Nizako Rosario eta Guessand, eta Realeko Zubimendi eta Odriozola zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: Europa Ligako lehenengo jardunaldiko partida, Allianz Rivieran.