Itxi

Reala

Europa Liga

Emaitza ona lortu nahi du Realak Nizan, asteazkenean, 2024-25eko Europa Liga behar bezala hasteko

EITB MEDIA

Imanolek Brais Mendez eta Javi Lopez berreskuratu ditu Realak Nizako Allianz Riviera futbol zelaian, asteazkenean, 21:00etatik aurrera, jokatuko duen partidarako; txapelketako liga faseko aurreneko jardunaldia izango da.

  • Baliteke, ohi bezala, Martin Zubimendik Realeko zelai erdia gidatzea. Argazkia: EFE.

    Baliteke, ohi bezala, Martin Zubimendik Realeko zelai erdia gidatzea. Argazkia: EFE.

Realak, asteazkenean, Niza aurkari, Frantziako hiriko Allianz Riviera futbol zelaian, 21:00etatik aurrera, emaitza ona lortu nahi du, 2024-25 denboraldiko Europa Liga behar bezala hasteko. Imanol talde txuri-urdinaren entrenatzaileak Brais Mendez eta Javi Lopez berreskuratu ditu partida horretarako; hain zuzen ere, txapelketako liga faseko lehenengo jardunaldia izango da neurketa. Bosgarren aldiz jarraian lehiatuko da Reala nazioarteko txapelketa batean.

Realak, testuinguru horretan, ez du espero bezala hasi EA Sports Liga, eta egoera hori irauli nahi du Europa Ligan. Aurkaria, alegia, Niza, Frantziako Ligue 1ean zazpigarren postuan dabil, bost partida jokatuta, zazpi puntu dituela. Franck Haisek entrenatzen duen taldeak, azken norgehiagokan, 8-0 hartu zuen mendean Saint-Etienne; 2023-24 denboraldian, Nizak bosgarren tokian amaitu zuen Liga.

Euskal taldeak Hamari Traore, Arsen Zakharyan eta Sadiq Umar ditu lesionatuta; Frantziakoak, ordea, hainbat jokalari garrantzitsu ditu min hartuta, eta, ondorioz, pentsatzeko modukoa da Haise entrenatzaileak ohikoa ez den hamaikakoa zelairatuko duela. Jeremie Boga, Terem Moffi, Morgan Sanson, Gaetan Laborde eta Hicham Boudaoui baja izango dira. Mohamed-Ali Cho Realeko futbolari ohia hasieratik irten liteke; Cho 2024ko urtarrilean fitxatu zuen Nizak, eta 2022ko udatik ordura arte aritu zen Realean.

Niza-Reala (asteazkenean, 21:00etan)

Balizko hamaikakoak

Niza: Bulka; Ndayishimiye, Bombito, Dante; Clauss, Rosario, Ndombele, Bard; Cho, Guessand eta Moukoko.

Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Sucic, Brais Mendez; Kubo, Oyarzabal eta Sergio Gomez.

Epailea: Morten Krogh (Danimarka)

Partida Allianz Rivieran jokatuko dute, eta 21:00etan hasiko da.