Itxi

Reala

EA Sports Liga, 7. jardunaldia

Realak ez du golerako bidea aurkitu Son Moixen, eta Mallorcaren aurka galdu du (1-0)

EITB MEDIA

Abdon Pratsek sartu du Jagoba Arrasateren taldeari garaipena eman dion gola, penaltiz, 36. minutuan. Reala azken minutura arte ibili da berdinketaren bila, baina ez du argitasun handiegirik izan neurketan zehar.

  • Sucicek bi aukera on izan ditu, baina ezin izan du golik egin. Argazkia: EFE.

    Sucicek bi aukera on izan ditu, baina ezin izan du golik egin. Argazkia: EFE.

Realak 1-0 galdu du Mallorcaren aurka, Son Moixen, asteartean, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldian, aurreratutako partidan. Abdon Pratsek 36. minutuan sartu du Jagoba Arrasateren taldeari garaipena eman dion gola, penaltiz. Reala azken minutura arte ibili da berdinketaren bila, baina ez du argitasun handiegirik izan norgehiagokan zehar.

Mallorca-Reala (1-0): partidaren laburpena

Aritz Elustondo, atzealdeko eskuineko hegalean bera, Aihen eta Mikel Oyarzabal, besteak beste, sartu dira Realaren hasierako hamaikakoan; talde txuri-urdina, baina, ez da eroso sartu partidara. Barrenek, ezkerretatik, abagune ona izan du zazpigarren minutuan eta, gerora, lehen zatiaren erdian, hegaleko donostiarra ondo sartu da areara, baina jaurtiketa desbideratuta joan zaio.

Ordu erdia beteta, Mallorcaren eraso batean, Samu Costak jaso du baloia, eskuinaldean, eta jaurti du. Baloiak Barrenetxearen eskuan jo du, area barruan, eta VAR aretoan jokaldia aztertu dute. Cordero Vega partidako epaileak, irudiak ikusita, penaltia zela adierazi du, eta Andon Pratsek 1-0ekoa sartu du. 36. minutuan izan da gola eta, atsedenaldira bitartean, ez da beste jokaldi arriskutsurik izan, ez Alex Remiroren atetik gertu, ezta etxekoen arean ere.

Take Kubo, atsedenaldiaren ostean, Sergio Gomezen ordez zelairatu da, eta Realaren asmoa izan da ahalik eta lasterren aurrerapausoa ematea, eta presioa handitzen saiatzea. Imanolen gizonek zelai erdia eskuratu dute, baina Mallorca sendo zebilen atzealdean eta, hori gutxi balitz bezala, Jagoba Arrasateren taldeak, jokaldi batzuetan, arriskua sortzea lortu du. Sucicek ondo jaurti du, ezkerrez, pixka bat desbideratuta, eta Zubimendik emandako pase ederra baliatu du; Realak jokaldi polita egin du 62.ean, baina ezin izan du golik egin.

Partidako azken minutuetan, Gipuzkoako taldeak etengabe jo du berdinketaren bila, eta bi abagune oso on izan ditu tantoa eskuratzeko. Oskarsson, pase sakona jasota, eta Sucic, beste ezkerkada polit batean, 1-1ekoa sartzear izan dira, baina ezin izan dute gola gauzatu. Horrenbestez, norgehiagoka 1-0 amaitu da. 

Fitxa teknikoa

1 -  Mallorca: Leo Roman; Antonio Sanchez, Raillo, Copete, Mojica; Robert Navarro (Dani Rodriguez, 69. min), Samu Costa (Morlanes, 88. min), Mascarell, Darder (Valery, 88. min); Abdon (Muriqi, 63. min), Larin (Asano, 63. min).

0 - Reala: Remiro; Elustondo (Odriozola, 60. min), Zubeldia, Aguerd, Aihen; Sergio Gomez (Kubo, 46. min), Zubimendi, Turrientes (Marin, 60. min), Susic; Oyarzabal (Oskarsson, 60. min), Barrenetxea (Becker, 78. min).

Gola: 1-0, 35. min: Abdon Prats, penaltiz.

Epailea: Adrian Cordero Vega (Kantabria). Mallorcako Abdon Prats eta Realeko Turrientes zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: 17.132 zale, Son Moixen.