Reala
EA Sports Liga
Realak golik gabe eta atera jaurti gabe berdindu du Getaferekin (0-0)
I. G. | EITB MEDIA
Donostiako taldea aurkaria baino gutxiago izan da, eta atera jaurti gabe eta bere arean sartuta amaitu du partida.
-
Mikel Aramburu, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Realak golik gabe berdindu du Getaferen aurka Coliseumen jokatu den EA Sports Ligako laugarren jardunaldian. Donostiako taldea aurkaria baino gutxiago izan da, eta atera jaurti gabe eta bere arean sartuta amaitu du partida.
Etxekoek hasieratik erasora jo dute eta abisatzen lehenak izan dira, Carles Perezen jaurtiketa batekin. Euskal taldeak erantzun ona eman dio Sergio Gomezen erdiraketarekin, aurkariaren defentsak ukitu ezean, Sadiqen golarekin bukatuko zena.
Lehen zatian joko gutxi izan da areetatik gertu. Bi taldeek presio handia egin dute eta falta asko eta jaurtiketa gutxi egin dituzte. 28. minutuan, Brais Mendezek aldaketa eskatu du, orkatilan min hartuta, eta Barrenetxea sartu da haren ordez.
Realak ez zuen min egiteko gakoa aurkitzen eta urduritasunak jokaldiak hausten zituen. Getafe, aldiz, gola sartzear izan da lehen zatiko azken abagunean, Aldereteren burukada saretik zentimetro batzuetara geratuta.
Bigarren zatian, Getafek nagusi izaten jarraitu du, eta ia jarraian gola sartzeko hainbat aukera izan ditu, Uchek arriskua sortu baitu une oro. Baina euskaldunek ondo defendatu dute taldean, area barruan zazpi jokalarirekin une batzuetan, eta baloiak horietako batekin egiten zuen topo denetan, gola saihesteko.
Imanolek partidaren norabidea aldatu nahi izan du Javi Lopez eta Becker Aramburu eta Kuboren ordez sartuz. Egoera nahiko txarra ez bazen, Traore ere lesionatu egin da, beraz, Aihen Muñozengatik aldatu dute eta Oskarsson fitxatu berria ere Sadiqen ordez zelairatu da.
Alex Remiro funtsezkoa izan da hurrengo jokaldian ukabilak atera eta Aldereteren jaurtiketa urruntzeko.
Ez da Realaren eguna izan, asko sufritu du azken minutuetan eta puntu bat urratu du atera jaurti ez duen partidan.
Fitxa teknikoa:
0 - Getafe: David Soria; Juan Iglesias, Djene, Omar Alderete, Diego Rico; Alex Sola (John Joe Patrick, 85. min), Nabil Aberdin (Carles Aleña, 67. min), Luis Milla, Bertug Yildirim (Peter Federico, 77. min); Carles Perez (Mauro Arambarri, 68. min) eta Chistantus Uche (Yellu Santiago, 90. min).
0 - Reala: Alex Remiro; Harami Traore (Aihen Muñoz, 66. min), Jon Pacheco, Igor Zubeldia (Jon Martín, 46. min), Jon Aramburu (Javi Lopez, 59. min); Takefusa Kubo (Sheraldo Becker, 59. min), Martin Zubimendi, Beñat Turrientes, Sergio Gomez; Brais Mendez (Ander Barrenetxea, 28. min) eta Umar Sadiq (Orri Steinn Oskarsson, 65. min)
Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horia atera die Juan Iglesias eta Aihen Muñoz jokalariei.