Reala
EA Sports Liga
Kubok lehen puntuak eman dizkio Realari Espanyolen aurka (0-1)
I. G. | EITB MEDIA
Erritmo gutxiko partida izan da, eta bi taldeetako bat ere ez da fin ibili ate aurrean, baina Take Kuboren golak lehen hiru puntuak eman dizkio Realari.
-
Take Kubo bere gola ospatzen. Argazkia: EFE.
Realak 0-1 irabazi dio Espanyoli larunbat honetan RCDE Stadiumen jokatu den EA Sports Ligako bigarren jardunaldian. Erritmo gutxiko partida izan da, eta bi taldeetako bat ere ez da fin ibili ate aurrean, baina Take Kuboren golak lehen hiru puntuak eman dizkio Realari.
Perikitoek, Lehen Mailara igo berriak, agintea hartu dute lehen minutuetan, abiadura handiko erasoak eginez eta arriskua sortuz euskal taldearen arean. Hala ere, Oyarzabalek ezustekoa eman du ia atezainaren jaurtiketa bat oztopatuta.
Txuri-urdinei asko kostatu zaie aurkariaren areara iristea. Izan ere, partidako lehen jaurtiketa 20. minutuan iritsi da, Sergio Gomez area kanpotik saiatu denean. Geroago, falta zuzen batekin saiatu da, baina etxeko atezaina adi egon da gola saihesteko.
Denborak aurrera egin ahala, Reala erosoago sentitu da zelaian, baina Espanyol izan da area erasotzen jarraitu duena. Gainera, Pachecok min hartu du belaunean. Jokatzen jarraitu du, baina min zantzu argiak zituela.
Bigarren zatiak bide beretik jarraitu du eta Espanyolek alferrik galdu du partidako aukerarik onena. Atezainaren aurrean bi baten aurka zeuden arren, Puadok estropezu egin du eta aldaratzea Aritz Elustondok atera du atepetik.
Partida hilda zegoen eta ez zela golik egongo zirudien, baina Take Kubo agertu da, aulkitik atera berritan, defendatzaileari ihes egin dio eta baloia sare barrura bidali du (0-1).
Azken minutuetan, etxekoek presio handia egin dute berdinketaren bila. Reala, ordea, sendo aritu da, eta hiru puntuak eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
0 - Espanyol: Joan Garcia; Jofre (Roca, 82. min), Omar (Tejero, 87. min), Kumbulla, Cabrera; Romero (Milla, 87. min), Gragera (Aguado, 82. min), Král; Puado, Veliz eta Cardona (Olivan, 68. min).
1 - Reala: Remiro; Traore (Aramburu, 83. min), Aritz, Pacheco, Javi Lopez; Becker (Marin, 86. min), Brais Mendez (Olasagasti, 66. min), Zubimendi, Turrientes (Kubo, 67. min), Sergio Gomez; Brais Mendez eta Oyarzabal (Sadiq, 67. min).
Golak: 0-1, 80. min: Kubo.
Epailea: Melero Lopez. Txartel horia atera die Turrientes, Veliz, Oyarzabal eta Kumbulla jokalariei.